NAIZ
Bilbo

Haurreskolak Partzuergoaren negoziazio mahaitik altxatu da LAB, kudeaketa arloko aferagatik

EAEko Haurreskolak Partzuergoa sektorearen negoziazio mahaia batu da astelehen honetan Bilbon, 2018an LABekin sinatu zuen akordioan oraindik garatzeke dauden kudeaketa arloko negoziazioan pausoak emateko asmoz. Administrazioak ganoraz erantzun ez duela eta, sindikatua mahaitik altxatu da.

Haurreskolak Partzuergoko langileen greba Eibarren, duela bi urte. (Juan Carlos RUIZ / FOKU)
Haurreskolak Partzuergoko langileen greba Eibarren, duela bi urte. (Juan Carlos RUIZ / FOKU)

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Harreskolak Partzuergoa sektorearen negoziazio mahaia hartu du Bilbon Lakuak duen delegaritzak. Honen helburu nagusietakoa zen oraindik kudeaketa arloan garatzeke dauden neurrietan aurrerapausoak ematea. Izan ere, Gasteizko Gobernuak LABekin akordio bat sinatu zuen 2018an eta oraindik, sindikatuak kritikatu duenez, kudeaketa arloan adostutako neurriak ez dira garatu.

Astelehen honetako bileran Hezkuntza departamentuak eta Partzuergoko arduradunek ganorazko erantzunik eman ez dutelako erabaki du LABek mahaitik altxatzea. Asteartetik aurrera kudeaketa arloko afiliatu zein gainontzeko langileekin bilduko da sindikatua eta denen artean erabakiko dute «zein izango den aurrera egin beharreko bidea eta gure erantzuna». Zehaztu du haurreskolen kudeaketa guztia arlo honetako langileen menpe dagoenez, kolektibo guztian izango duela eragina.

Sinatu zenetik emandako urratsak

Akordioa sinatu zen egunetik ordezkoen zerrendak zabaltzea lortzeaz gain, Hezkuntza departamentuaren kudeaketako langileen baldintzen ekiparazioa eskatzeko bidea zabaldu zuela gogora ekarri du LABek.

Horretarako, lanpostuen Balorazio Batzordea osatu zuen eta guztien ekarpen eta lanarekin proposamen bat landu zuten. Horretaz gain, negoziazio mahaian kudeaketako langileen ordezkoen araudia, barne sustapenerako araudia eta ordezkapenak egiteko kasuistikaren dokumentuak negoziatzen joan dira.

LABen esanetan, beraiek irailaren 11n egin zituzten azken ekarpenak. Departamentu honetako lan kargak txikitzeko lanpostuen zerrenda handitzea eskatu zuten eta abian jarritako ekiparazio prozesua nola gauzatuko zen zehaztapenak aldarrikatu zituzten. Ordutik eta gaurko bilera deitu arte, administrazio publikoak ez duela erantzunik eman kexatu da sindikatua.

«Gaurko bileran Hezkuntza departamentuko eta Partzuergoko arduradunei exijitu diegu egindako eskaerei ganorazko erantzun bat ematea, kudeaketako langileei zor zaien akordioaren garapena bermatuko duena», azaldu du LABek.

Ganorazko erantzunik jaso ez eta oraindik «beraien» lana betetzeke dutela ohartarazi du: «Haurreskolak Partzuergoan, irakaskuntza publikoko beste sektoreetan gertatzen ari den bezala, haiek sinatutako akordio desberdinak biribiltzeko aurrekonturik ez dutela argi utzi digute eta beraz, ez digute beste biderik utzi».