NAIZ
Donostia

Gipuzkoako erresidentzietako langileen eskaerak «bideragarri» ez direla esan du Markel Olanok

Gipuzkoako ahaldun nagusi Markel Olanok adierazi du Euskadi Irratian administrazio publikoarentzat ez direla «bideragarri» epe luzera begira Gipuzkoako erresidentzietako langileen aldarrikapenak. Hori arrazoitzeko, gizartea zaharkitzen doala jarri du aitzakia gisa. ELAri leporatu dio mahai-negoziatzailetik altxatu izana.

Markel Olano, Gipuzkoa Batzar Nagusietako saio batean. (Jon URBE / FOKU)
Markel Olano, Gipuzkoa Batzar Nagusietako saio batean. (Jon URBE / FOKU)

«Ez daukagu aukerarik egiten diren aldarrikapen guztiei erantzutzeko, honek gure egoera baldintzatuko luke epe ertain eta luzera. Epe motzera lasaitu egingo genuke egoera, baina ito egingo genuke epe ertain eta luzera». Hau adierazi du asteazken honetan Gipuzkoako ahaldun nagusi Markel Olanok Euskadi Irratiko mikrofonoetan.

ELAk beste hilabete bateko greba egutegia baieztatu baino lehenago egin ditu adierazpen hauek. Sindikatuak Aldundiaren jarrera kritikatu zuen astearteko bilerara ez bertaratzeagatik; Olanok, aldiz, ELAri gogoratu dio «mahai negoziatzaile bat egon badagoela» eta bertatik altxatu izana leporatu dio. Olanorentzat, «hor egosten da guztia».

UGT eta patronalek sinaturiko akordioa ere ontzat eman du, «badagoelako hobekuntza bat». Akordio hau 5 milioi eurorekin finantzatuko du Aldundiak eta arrazoitu du instituzioak jasangarritasun ekonomikoaren inguruan dituen neurrien barnean ondo egokitzen dela kopurua. «Epe ertain eta luzera gizarte politika eta zaintzaren arloan ze baliabide ditugun ezarri dugu», argitu du. 

Gutxieneko zerbitzuak

Soka luzea duela eta la gatazka hau goiz batean ez dela konpontzen erantzun du Maite Artola kazetariak epe motzerako neurriez galdetu dionean: «Gure gizartea eboluzionatzen ari delako. Zahar gehiago egongo gara, zorionez. Ardura izugarria suposatzen du instituzio eta gizartearentzat».

«Guk ditugun mugen barnean egingo ditugu ekarpenak eta eskaera batzuk ez dira bideragarriak», ondorioztatu du.

Beste hilabete bateko greba iragarriz gero, gutxieneko zerbitzuak handituko dituztela ere aurreratu du. Arrazoitu du epe mugatuko greba deialdietan %70eko gutxieneko zerbitzuak ezarri izan direla, baina deialdi berri honek «behin-behinekotasuna» eman diola mobilizazioari –hilabete bateko greba bukatu eta beste bat hasiko baita ostegun honetan– eta beraz, %80ko gutxieneko zerbitzua ezartzea eskatuko dio Lakuari.

EH Bilduren erantzuna

Adierazpen hauek bereziki larritzat jo ditu EH Bilduk. Olanori ohartarazi dio ezin dela zerbitzu on bat eskaini langileak prekarietate egoeran baldin badaude. «Langileak zaintzea eta langileen lan baldintzak bermatzea» bere ardura dela gogorarazi dio.

Era berean, erresidentzietara joateko eskaerak gora egitearen arrazoia, gizartearen zahartzeaz harago, prebentziora bideratutako baliabideak (etxez etxeko zerbitzua, zahartze aktiboa...) nahikoak ez direlako ere badela uste du koalizioak. 

Ontzat jo du egoiliarrei jaso ez duten zerbitzuaren ordaina «behingoz» itzultzea.