NAIZ

Antxoa gaztearen populazioa jaitsi egin da Bizkaiko Golkoan, baina «maila onean dago»

Antxoa gaztearen populazioa jaitsi egin da Bizkaiko Golkoan baina oraindik «maila onean dago», Aztiren Juvena 2019 kanpainaren arabera. Urtebete baino gutxiagoko 114.000 tona antxoa daude gaur egun Bizkaiko Golkoko uretan.

Antxoak Getariako portuan. (Gorka RUBIO | FOKU)
Antxoak Getariako portuan. (Gorka RUBIO | FOKU)

Bizkaiko Golkoko uretan une honetan bizi diren urtebetetik beherako antxoa populazioa 114.000 tona ingurukoa da, batez besteko kopuru historikoa baino txikiagoa, baina Azti zentro teknologikoaren Juvena 2019 kanpaina zientifikoaren arabera «oraindik maila onean dago». Antxoa gazteen biomasaren urteko jarraipena egiteko Aztiren azterlana da Juvena.

«Lortutako kopurua Juvenaren batez besteko historikotik beherakoa da. Azterlana 1980ko hamarkadan jarri zen martxan. Nahiz eta beherakada izan, antxoaren ugaritasun maila ona da oraindik ere, eta ez da arriskurik hauteman 2020ko arrantza kanpainarako. Izan ere, gazteen zenbatespenei 2019an bizirik iraun zuten helduak gehitu behar zaizkie, eta orduan lortu zuen kopuruak maximo historikoa», azaldu du Guillermo Boyra ikerketaren arduradunak.

Juvenaren datuak lortzeko, Aztiko ikertzaileak Emma Bardan eta Ramon Margalef ontzi ozeanografikoetan ontziratu ziren irailean. Ondoren, bildutako datuak aztertu eta estatistikoki landu zituzten, kalkulua egiteko.

Azterlanak iraun bitartean, Aztiko adituek ultrasoinu sistemak erabili zituzten, antxoen oparotasuna hautemateko. Jasotako oihartzunen analisiari esker, antxoa gazteen biomasa kalkulatu ahal izan zen (114.000 tona inguru), baita horien kokapena ere (plataforma kontinentalean eta ezpondan banatuta). Gainera, ibilbidean egindako harrapaketei esker, jakin ahal izan zuten gazteen batez besteko tamaina 6,1 zentimetro ingurukoa dela.

«Juvena 2019 kanpainaren zenbatespenen arabera, bilketa ertain-baxua izango da, baina horrek ez du esan nahi arrantza arriskuan egongo denik. Ikuspegi historikotik, 2014az gero egin diren bilketak oso handiak izan dira, guztiak batez bestekotik gorakoak. 2020ko arrantza kanpainarako espero den bilketa hamarkada honen hasieran eta 1990eko hamarkadan izan zirenen parekoa izango da», iragarri du Boyrak.

Gorabehera handiak

Aztik nabarmendu duenez, antxoa eta antzeko pelagiko txikien populazioen bilketek eta biomasa mailak urtetik urterako gorabehera oso handiak izaten dituzte. Horrela, Juvena kanpaina garrantzitsua da aukera ematen duelako antxoa gazteen ugaritasun gorabeherak ebaluatzeko eta, beraz, aldez aurretik ohartarazteko. 

«Udazkenean zenbat antxoa gazte dauden jakiteak aukera ematen du hurrengo udaberrian eta udan heldu izatera zenbat ale iritsiko diren aurreratzeko, aldi horretan gertatzen baita ugalketa eta egiten baita arrantza. Kudeaketa iraunkorra eginez baino ezin dira bermatu espeziearen biziraupena eta jarduera ekonomikoaren etorkizuna. Sektorean 3.500dik gora lagunek egiten dute lan, arrantza sektorearen eta kontserben eta elikaduraren industrien artean», azaldu du Aztiko adituak.