Naiz

Eurite eta haize bortitzen arriskuagatik Erlaitzeko errepidea itxi dute

Eurite eta haize bortitzengatik alerta laranja ezarri dute Ipar Euskal Euskal Herrian. Denboraleak arriskua sortu dezakeelakoan RD912 errepidea itxi dute gaur arratsaldean. Hain zuzen ere Erlaitzeko errepidea Ziburu (Latsagia-Lavoir) eta Urruña (Etzan Borda) artean itxita izanen da gaur 16.00etatik larunbateko 9.00ak arte. Baionan, berriz, uholde abisua eman dute.

Ipar Euskal Herria bere baitan hartzen duen Pirinio Atlantikoetako departamenduan alerta laranja ezarri dute gaur. Ondoko orduetan euri jasa handiak espero dira, baita haize azkarrak ere. Horrez gain, olatu handiak iragarri dituzte, eta horrek trafiko arriskua sortu dezake.

Horrendako, trafiko arduradunek Ziburu eta Hendaia lotzen duen Erlaitzeko errepidea (RD912) ixteko erabakia hartu dute.

Itsas ondoan igarotzen den aipaturiko errepidea, zehazki Ziburu (Latsagia-Lavoir) eta Urruña (Etzan Borda) artean itxita izanen da gaur (16.00etatik) eta larunbata bitartean (9.00ak arte).

Uholde abisua Baionan

Baionan, berriz, uholde arriskua dela eta hainbat aholku eman ditu Udalak. Bihar, itsas-gora delarik, goizaldean 4ak eta 6ak bitartean, eta arratsaldean 16.30ak eta 18.30ak bitartean, ibai ertzetan bizi diren herritarrek hainbat prekozio hartzeko agindu du.

Ibai gainezka egiteko arriskuaren aurrean, lokaleko sarrerak babesteko eta baxeretan izan daitezkeen altzariak babesteko gomendioa eman du udalak, baita autoa erabiltzeko orduan trafiko murrizketak aintzat hartzea.