Ezkurdiak eta Martijak bigarren garaipena lortu dute Binakako Txapelketan

Bengoetxea eta Mariezkurrenari 19-22 irabazi diete Urretxuko Ederrena pilotalekuan jokatutako neurketa parekatuan. Gaizki jokatu ez arren, Mariezkurrenaren hutsak oso garesti ordaindu dituzte gorriek.

Asier AIESTARAN|13/12/2019
Martija
Julen Martijak partida bikaina egin du Urretxun (Aritz LOIOLA / FOKU)

Joseba Ezkurdiak eta Julen Martijak bigarren garaipena lortu dute Binakako Txapelketan Urretxuko Ederrena pilotalekuan Oinatz Bengoetxea eta Jon Mariezkurrena 19-22 menderatu ostean.

Urdinek abantaila polita hartu dute hasieran (1-5), Mariezkurrenaren huts batzuk baliatuz, baina hortik aurrera neurketa asko parekatu da. Bi atzelariek ederki astindu dute pilota eta aurrean ere tanto ederrak ikusi dira. Norgehiagoka 13-13 berdinduta ez zen argi ikusten nor izan zitekeen irabazlea.

Errematean ere oso fin ibili da Oinatz Bengoetxea, dozena bat tanto egitea lortu du, baina pena izan da unerik garrantzitsuenetan Mariezkurrenak ez duela asmatu eta pilota dezente galdu dituela azkenerako (11).

Horregatik, 16-14 aurreratu ondoren, urdinak 16-18 aurretik iritsi dira bigarren atsedenaldi luzera. Ordura arte gehiegi agertu gabe zegoen Joseba Ezkurdiak ere aurrera pauso bat eman du, eta arbizuarra jokoan sartzearekin balantza bere aldera erori da.

Azken tantoak urduriak izan dira, epailearen erabaki zalantzagarriren bat ere izan da tartean, baina urdinek ez dute barkatu eta bigarren puntua eskuratu dute.

Aipatzekoa pilotalekua ere leporaino bete dela Santa Lutzi egunez, eta jendeak gozatu ederra hartu duela neurketarekin.