Asier AIESTARAN

Altunak eta Galartzak azken txanpan erabaki dute Labriteko partida (16-22)

Neurketa oso gogorra eta parekatua izan da, berriz ere material oso bajuarekin jokatu dena, baina urdinek azkenean 1-8ko partzial bati esker menderatu dituzte Olaizola II.a eta Aretxabaleta.

Altuna pilota astintzeko prest, Aimar atzean duela (Jagoba MANTEROLA / FOKU)
Altuna pilota astintzeko prest, Aimar atzean duela (Jagoba MANTEROLA / FOKU)

Jokin Altunak eta Ladis Galartzak Binakako Txapelketako bigarren puntua eskuratu dute Labriten Aimar Olaizola eta Andoni Aretxabaleta 16-22 menderatuta. Neurketa oso gogorra eta parekatua izan da, berriz ere material oso bajuarekin jokatu dena, baina urdinek azkenean 1-8ko partzial bati esker lortu dute garaipena.

Aurtengo txapelketan ohitura bilakatuko dela dirudi partidak asko luzatzea eta pilota motelak ikustea. «Bukaerarako bi pilota oso potzoloak gelditu dira, eta askotan pilota horiek mugitzen dituen bakarra Ladis da. Eskuan arazo batzuk izan ditu, baina bukaeran abiadura eman dio pilotari, agindu egin du, eta nik ere aukera gehiago izan ditut sartzeko», aztertu du Jokin Altunak gertatutakoa dema amaieran.

Izan ere, Jokin Altuna bera izan da lehiako protagonista nagusia. Asko sartu da airez, bai errematean eta bai defentsa Galartzari laguntzeko ere, eta horrek bere zenbakiak puztu egin ditu: jokoan egindako 16 tanto apuntatu dizkiogu eta galdutako bost ere bai.

Aimarrek ere bederatzi tanto gutxienez egin ditu, gehienak airez, eta bi aurrelarien artean erremate sorta bikaina utzi dute bideotekarako. Eta erremateaz gain, bereziki aipatu behar da Olaizolak 40 urterekin 8-7koan txokoan eraman duen pilota, eta eraman bakarrik ez, zabalean sekulako tantoa egin duelako.

Azken txanpan, ordea, Galartza nagusitu egin da atzean, eta hori ederki baliatu du Altunak 1-8ko partzial bat sinatu eta txapelketako bigarren puntua ziurtatzeko.