Ion SALGADO

Eskola publikoak gizarte inklusiboagoaren alde egiten duen lana aldarrikatu du Steilasek

Steilas sindikatuak euskal eskola publikoak gizarte inklusiboagoaren alde egiten duen lana aldarrikatu du Gasteizen, Kontseilu Nazionala amaitu ondoren egindako elkarretaratzean.  

Steilas sindikatuak egindako elkarretaratzea. (Juanan RUIZ/FOKU)
Steilas sindikatuak egindako elkarretaratzea. (Juanan RUIZ/FOKU)

«Euskal eskola publikoaz harro!». Hala zioen larunbat honetan Steilas sindikatuko kideek ateratako pankarta. Elkarretaratze bat egin dute Gasteizko Matxete Plazan, hiriko erdigunean dagoen Goiru Jauregiaren ondoan. Bertan bildu da goizeko 10.00etan sindikatu honen Kontseilu Nazionala, kongresuen arteko organo gorena.

Ohar batean Steilasek azaldu duenez, Kontseilu Nagusian bi gai nagusi izan dira hizpide. Batetik, Negoziazio Kolektiboa. EAEko hezkuntzako esparruetan negoziazio kolektiboaren egoera aztertu da eta leku bakoitzean hartu beharreko neurrien inguruan eztabaidatu dute. Gauza bera egin da Nafarroako Hezkuntza Publikoaren negoziazio kolektiboarekin.

Greba orokorra

Bigarrena 2020ko urtarrilaren 30ean Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deitutako greba orokorra izan da. Steilas sindikatua kartaren partaide izanik bat egin du greba deialdiarekin, eta, iragarri duenez, bere bitarteko guztiak jarriko ditu greba arrakastatsua izan dadin.

Lan baldintza, pentsio eta bizitza duinak bermatuko dituzten neurrien aldeko mobilizazio dinamika abiatzea adostu dute Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartan parte hartzen dute sindikatuek eta eragileek. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako pentsiodunen mugimenduak bat egin du urtarrileko grebarekin.

Kontseilua amaitu ondoren elkarretaratzea egin dute Matxete Plazan. «Horrela, aldarrikatu nahi izan dugu euskal eskola publikoak gizarte inklusiboagoaren alde egiten duen lana», nabarmendu du Steilas sindikatuak komunikabideei bidalitako informazioan.