NAIZ

Gasteizen badute Ikusgune, LGTB+fobiaren aurkako behatokia eta erasoak jasotzeko webgunea

LGTB+fobiaren aurkako behatokia jarri dute martxan Gasteizen. Ikusgune du izena eta salaketak biltzeko izen bereko webgunea aktibatu dute. Gertakariak erregistratu, aztertu eta eragiteko aukerak aztertzeko balioko du, eta «babes eta laguntza izateko bitartekoa izango da».

Ikusguneren aurkezpena, Gasteizen. (Marisol RAMIREZ/FOKU)
Ikusguneren aurkezpena, Gasteizen. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Lumagorri elkarteak eta Gasteizko Udalak sinatutako hitzarmenaren ondorioetako bat da Ikusgune izeneko LGTB+ fobiaren aurkako behatokia. Azaldu dutenez, azken hilabeteetan protokoloak ezartzen eta berritzen ibili ondoren, baliabide berriak sortu dituzte eta horien artean daude Ikusgune eta izen bereko webgunea, LGTB+ fobiaren inguruko gertakariak jaso eta aztertzeko, eta «babes eta laguntza» espazio bat eskaintzeko.

Agerraldi batean azaldu dutenez, 12 urte dira Gasteizko LGTB+ mugimenduak erasoen berri izateko telefono bat martxan jarri zuenetik. Bide horri eusten dio beste bitarteko bat da www.ikusgune.eus webgune berria,  eta eraso baten aurrean zer egin azaldu eta salaketa on line jartzeko aukera emango du.

«Noski, ez da salaketa judiziala izango, baizik eta gertakaria erregistratu, aztertu eta eragiteko aukerak aztertzeko» balio izango duena, zehaztu dutenez. Horrekin batera nabarmendu dute «babes eta laguntza emateko bitartekoa» izan nahi duela.

Gertakariak jasotzeaz gain, «hiriari proposamenak egiteko» baliatuko dutela aipatu dute.

29 gertakari eta ultraeskuina

Lumagorriko ordezkariek eta udal agintariek eskainitako agerraldian zenbait datu eskaini dituzte, eta eraso kopuruaren igoera ematen ari dela nabarmendu dute.

Zehaztu dutenez, 2017ko maiatzetik 2018ko apirilera bitarteko epean 17 gertakariren berri izan zituzten, «beste 13 gertakari jaso genituen 2018ko maiatzetik 2019ko apirilera, eta geroztik 16 izan dira gaur arte jaso ditugun erasoak, 8 hilabetetan gainditu egin ditugu 2017ko datuak».

Aipatu dutenez, ultraeskuinak duen «oihartzun eta zilegitasunak» Gasteizko kaleetan ere eragina du, eta «hori ere jasota geratzen da aipatu ditugun azkenengo 16 kasu horietan».