NAIZ
Gasteiz

Lakuaren aurrekontuek grebarako arrazoiak areagotzen dituela uste du Eskubide Sozialen Kartak

Lakuak astearte honetan onartuko dituen aurrekontuekin desados agertu dira Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartako sindikatu eta eragileak. Aurrekontu horien onarpenak greba orokorra egiteko arrazoi gehiago ematen dituela azpimarratu dute. Astearte honetan, elkarretaratzea deitu dute Gasteizko Legebiltzarraren aurrean.

Sindikatu eta eragile ezberdinek manifestazioa egin dute Gasteizen. (FOKU)
Sindikatu eta eragile ezberdinek manifestazioa egin dute Gasteizen. (FOKU)

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak agerraldi publikoa egin du astelehen honetan Gasteizko Iradier Arenan. Urtarrilaren 30eko greba orokorra zuen mugarri ekitaldi honek baina asteartean Lakuak onartuko dituen aurrekontuek garrantzia hartu dute LAB eta ELAko idazkari nagusien hitzartzean.

Beraien desadostasunak azaleratu dituzte eta jada «grebarako arrazoiak soberan» bazeuden, aurrekontu hauek greba orokorra burutzeko arrazoi gehiago ematen dutela azpimarratu dute. Podemos eta Equoren jarrarerarekin kritiko azaldu dira.

ELAko idazkari nagusi Mitxel Lakuntzaren hitzetan aurrekontu horiek «ez dira ez berdeak, ez moreak, ezta sozialak ere; duela bi urte PPrekin onartu ziren ia berberak dira». %0,7ko aldaketa bakarrik dagoela nabarmendu du: «Horixe bakarrik bultzatu du Podemosek».

LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk antzerako argudioa erabil du eta ohartarazi du aurrekontuetan ez dela jasotzen «kalean dauden aldarrikapen bat bera ere».

«Aurrekontu hauek ez dute pobreziarekin bukatu nahi, ez dira aurrekontu feministak, ez dira larrialdi klimatikoari aurre egiteko aurrekontuak, ez da enplegu duinaren aldeko konpromisorik hartzen, pentsio sistema publikoa indartzeko ere ez eta ez dago sektore publikoa indartzeko apusturik», zerrendatu ditu kexak Aranburuk. 

Urtarrilaren 30ean, «ofentsibara»

«Borrokatzeak merezi» duelako, «urtarrilaren 30ean ofentsibara» joko dutela ohartarazi dute. 1999. urteko greba orokorra gogorarazi du Aranburuk, soldata soziala eta 35 orduko lanaldiaren aldeko borrokan. Hala nola, 2008tik egin diren sei greba orokorren funtzioak ere goraipatu ditu eta horregatik 2020ko greba orokor hau ere mugarri izango delakoan dira Eskubide Sozialen Kartako eragileak.

Lan, pentsio eta bizitza duinen aldeko deialdia da urtarrilaren 30ekoa. Murrizketa berriei «ateak ixteko»; patronalaren aurrean konfrontazio gaitasuna handitzeko eta instituzioak bestelako politika publiko batzuk egitera behartzeko; demokrazian eta burujabetzan aurrera egiteko eta erabakiak «hemen» hartzeko garrantzizkoa iruditzen zaie greba orokorra.

Manifestazioa gaur; bihar, elkarretaratzea

Agerraldiaren ondoren manifestazioa egin dute Eskubide Sozialek Kartako eragileek Gasteizko kaleetatik. Legebiltzarrean amaitu dute mobilizazioa, bertan EH Bildu eta PPk aurkeztutako zuzenketak baztertzen ziren bitartean.

Astearte honetan, Lakuak aurrekontuak onartzen dituen bitartean, elkarretaratzea iragarri du Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak. Hitzordua 11.00etan da Gasteizko Legebiltzarraren aurrean.