NAIZ

Osakidetzak 3.103 lanpostuko lan eskaintza berria aurkeztu du

Osakidetzak lan eskaintza publiko berria aurkeztu du. 3.103 lanpostukoa izango da 2018-2019ko LEP-a eta horietatik 953 hutsetik sortzen diren postuak izango direla ziurtatu du administrazioak. Azterketak 2020an hasiko dira, hiru urte iraungo dute, eta ia kategoria guztiak barne hartuko dituzte.

Eskuinean, Osasun sailburu Nekane Murga, Lakuako Gobernu Kontseiluaren ondorengo prentsaurrekoan. (IREKIA)
Eskuinean, Osasun sailburu Nekane Murga, Lakuako Gobernu Kontseiluaren ondorengo prentsaurrekoan. (IREKIA)

Lakuako Gobernu Kontseiluak Osakidetzako lan eskaintza publiko (LEP) berria onetsi du astearte honetan. Hala, 2020an hasiko diren azterketetan, 3.103 lanpostu eskainiko dituzte. Horietatik, 953 hutserik sortzen diren postuak izango direla ziurtatu du Lakuak.

2016-2017ko LEPeko azterketa batzuk oraindik ere ikertzen ari da justizia. Ikertzen azkenak izan direnak Neurofisiologia eta Neurokirurgiako azterketak izan dira eta honen eraginez, astelehenean jakinarazi zuen Osakidetzak, momentuz, bertan behera utziko dutela kategoria hauetako aukeraketa prozesua.

Egun bat beranduago, asteartean, 2018-2019ko lan eskaintza publikoa aurkeztu du. Ia kategoria guztietako azterketak barne hartuko dituela zehaztu du eta azterketak datozen hiru urtetan egingo direla; hau da, 2020tik 2023ra bitartean.

2018 eta 2019. urteko berrezarpeneko lanpostuak 1.083 eta 1.067 izango dira, hurrenez hurren. Hauek, 2017 eta 2018an erretiro edo heriotzengatik hutsik geratu diren postuei erantzungo diete. Bestalde, nabarmendu dute, 953 lanpostu hutserik sortuko dituela eskaintza berriak.

Proiektu berrietara bideratutako lanpostuak

Osasun sailburu Nekane Murgak adierazi duenez, lanpostu berri hauek osasun-arloan dagoen gero eta eskari handiagoari erantzuteko helburua dute, «baita belaunaldi-txandakatzerako beharrari ere, zerbitzu eta azpiegiturak abian jartzea eta inpaktu handiko plan eta proiektuei ekitea». Berehalako proiektuen artean zerrendatu ditu Lehen Mailako Arretarako Estrategia, Euskadiko Plan Onkologikoa, Zainketa Aringarrien Plana edo C Hepatitisari Arreta Emateko Estrategia. 

Lan-taldea areagotuz, Osakidetzako egitura-taldean 26.543 langile izatetik 27.496 izatera igaroko da. Lakuak atera dituen kalkuluen arabera, behin-behinekotasuna % 4 murriztuko dela.

Azpimarratu du Urdulizko ospitalea ireki zenetik egiten den lan-taldearen areagotze handiena dela; orduan 700 lanpostu eratu baitziren.