naiz

Ikerbasquek deialdi berria egin du 20 ikertzaile gazte kontratatzeko

Ikerbasque Zientziaren Euskal Fundazioak Research Fellow programaren 2020ko deialdia egin du, 20 ikertzaile gazte kontratatzeko helburuarekin. Bereziki emakume ikertzaileen kontratazioa eta Euskal Herritik kanpo lanean dauden euskal ikertzaile gazteen itzulera bultzatuko da aurtengo deialdiaren bitartez, Ikerbasquek jakinarazi duenez.

 20 ikertzaile gazte kontratatuko ditu Ikerbasquek. (Jon URBE/FOKU)
20 ikertzaile gazte kontratatuko ditu Ikerbasquek. (Jon URBE/FOKU)

Research Fellow programaren bidez, Lakuak «goi mailako ikertzaile gazteen harrobi» bat sustatu nahi du. Programak funtzio bikoitza du: alde batetik, atzerrian lanean dauden zientzialariak erakartzea (euren ibilbideko une batean joan ziren bertoko ikertzaileak barne), eta, bestetik, EAEn ikertzen dihardutenei beren ibilbidea sendotzeko aukerak eskaintzea. Orain arte, 19 herrialdetako 76 ikertzaile kontratatu ditu, 46 gizon eta 30 emakume.

Ezagutza arlo guztietako eta hiru eta hamar urte arteko eskarmentua duten mundu osoko ikertzaileek aurkez ditzakete beren eskaerak Ikerbasque Fundazioaren webgunearen bidez, martxoaren 24arte. Plazetara aurkezten diren ikertzaile guztien nazioarteko ebaluazio prozesu sakona egingo da, Europako Batzordearen irizpideen araberakoa.

Zientziaren Legeak xedatutakoari jarraiki, Ikerbasquek bost urterako ikerketa kontratuak eskaintzen ditu. Gainera, azken urtean kontratuak ebaluatuak izango dira eta ikertzaileek aukera izango dute kontratu iraunkorrak lortzeko. «Horrela, programa Euskadiko etorkizuneko ikerketa aitzindarien harrobi bihurtzen da», gaineratu dute.

Ikerbasquek zazpi milioi euro lortu zituen 2013. urtean Europako Batzordetik programa honetarako, Bruselak garapen zientifikorako ekimen europar onenetariko gisa hautatu eta gero, Europa guztiko aurkeztutako 64 proposamenetatik artean. Lakuak ere finantzatzen du programa, «Euskadin zientzia sustatzeko duen konpromisoaren adierazle».