NAIZ

%1,3ko inflazioarekin itxi dute 2019. urtea Nafarroan, eta %1,2koarekin EAEn

Kontsumorako Prezioen Indizeak (KPI) abenduan behera egin badu ere azaroarekin alderatuta, urte arteko inflazioak gora egin du Hego Euskal Herrian. 2019. urtea %1,3ko inflazio tasarekin itxi du Nafarroak, eta %1,2koarekin EAEk. Erregaien prezioen gorakadak zerikusia izan du prezioen igoerarekin, INE estatistika institutuaren arabera.

Erregaien prezioak garestitu egin dira abenduan. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)
Erregaien prezioak garestitu egin dira abenduan. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

Kontsumorako Prezioen Indizearen (KPI) datuak argitaratu ditu INE estatistika institutu espainiarrak. Erakunde horren arabera, prezioek behera egin zuten Hego Euskal Herriko herrialde guztietan abenduan, aurreko hilabetearekin alderatuta. 

Beherakadarik handiena Gipuzkoan eta Araban izan zen, %0,3koa, hain zuzen ere. Bizkaian %0,2 jaitsi ziren prezioak azaroarekin alderatuta, eta Nafarroan, aldiz, hamarren bat (%0,1).

2019. urteko eboluzioari erreparatuta, KPIk gora egin du bai Nafarroan baita EAEn ere. Nafarroan %1,3ko inflazioarekin bukatu dute urtea, eta EAEn %1,2ko tasarekin. Abenduarekin alderatuta, lau hamarren igo da inflazioa bai Nafarroan baita EAEn ere.

Herrialdeka, Gipuzkoan %1,2ko inflazioarekin itxi dute urtea eta Araban eta Bizkaian, %1,1eko tasarekin.

Erregaiak garestitu, argindarra merkatu

Estatistika institutuak adierazi duenez, abenduko KPIren hazkundearen arrazoietako bat da erregaien prezioak garestitu egin direla. Aldiz, argindarraren prezioak jaitsi egin dira urteko azken hilabetean.

Estatu espainiarrari dagokionez, inflazio tasa %0,8koa izan zen 2019. urte amaieran. Azaroarekin alderatuta lau hamarren hazi da KPI, eta 2018arekin konparatuta beste hainbeste egin du behera.