NAIZ
Donostia

Bertsolaritzaren hedabidetzea doktore tesi baten oinarri, EHUn

Antxoka Agirre ikertzaileak bertsolaritzaren presentzia mediatikoan ardaztutako lan mardula egin du, Simon Peña eta Txema Ramirez de la Piscina EHUko irakasleen gidaritzapean. Hedabideetan arakatu eta aurkitutako testuak bildu eta aztertzeaz gainera, hori guztia kokatzeko testuingurua bera ere aztertu du.

Antxoka Agirreri doktore aitortza eman dio egin berri duen tesiak. (Mintzola)
Antxoka Agirreri doktore aitortza eman dio egin berri duen tesiak. (Mintzola)

Pasa den urtearen hondarrean aurkeztu zuen Antxoka Agirrek bere doktoregai tesia adituen epaimahaiaren aurrean, EHUko Leioako campusean. Bertsolaritzaren presentzia mediatikoa oinarri duen lana osatu du zumaiarrak, ‘Bertsolaritzaren Historia: Hedabideratzea, eragiletza eta proiektua (1823-2018): Ahots subalternoaren bizi-indarraren testigantza bat’ izenburupean.

Hedabideratze hori aztertzerakoan, bestelako zenbait alderdi ere landu ditu ikertzaileak; hainbat hedabidetan arakatu eta aurkitutako testuak biltzen lan handia egiteaz gainera, bildutako hori kokatzeko, testuingurua bera ere aztertu baitu.

«Bertsolaritzaren presentzia mediatikoaren hariari tiraka garaian garaiko eragileak, bertsolaritza eguneratzeko hauek egindako ahaleginak, berrikuntza proiektuok euskal kulturaren bilakaera orokorrarekin izan ditzaketen loturak edota ikuspegi ezberdinek eragindako korapiloak ezagutzeko modua» izan daitekeela aipatzen du egileak. Izan ere, sostengatzen duenez, «hainbatetan kazetaritza testuen sinadurak bat etorriko dira bertsolaritzaren eragileekin, eta, honenbestez, bertsolaritzaren eragiletzaren historia funtsezkoa da bertsolaritzaren presentzia mediatikoaren historia ulertzeko; eta alderantziz».

Era berean, argitaratzen dituzten komunikabideen izaerak garaian garaiko kultur proiektuen inguruko zantzuak eskainiko dituzte, edota hartzaileak ere sumatu ahal izango dira prentsako orrialdeetan barrena ikertzailearen esanetan; finean, presentzia mediatikoaren eta eragiletzaren historiak bertsolaritzaren historia sozialean txertatzen diren neurrian, historia hori osatzen lagun dezaketela pentsatzekoa da.

Nolatan lortu du bertsolaritzak egun daukan arreta mediatiko ezohikoa? Eta nolatan dauka bertsolaritzak pisu hori gaurko euskal kultur sisteman? Horiek erantzuteko bide-orriari jarraituta, argitaratu du Agirrek doktore aitortza ekarri dion tesia.