NAIZ
BILBO

Urtarrilaren 30eko grebarako sei arrazoi gehiago daudela ohartarazi du Ernaik

Ernaiko gazteek gogoratu urtea hasi denetik hil diren sei langileak gogoratu dituzte Bilbon. «Urtarrilaren 30ean greba orokorrera ateratzeko 6 arrazoi gehiago dira guretzako», nabarmendu dute.

Ernaik Bilbon egindako ekimena. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU)
Ernaik Bilbon egindako ekimena. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU)

Ernaiko gazteek Bilbon 2020. urtea hasi denetik Euskal Herrian hil diren sei langileak gogoratu dituzte. «Gorriz tindatuta hasi dugu urtea: 55 urteko gizona, Gasteizen. 38 urteko emakumezko bat, Jatsun. 38 urteko gizonezko bat, Bilbon. 47 urteko gizona, Bilbon. 25 urteko gaztea, Igorren. Eta 52 urteko gizona, Lantaronen», zerrendatu dute. Langile horien «gorpuak» kalera atera dituzte, ohatiletan.

Horretaz gain, «kapitalismoak» kalean bizi ziren bi pertsonen bizitzak ere aurretik eraman dituela salatu dute, Donostian eta Durangon kutxazain automatikoetan gaua pasatzen zutelarik. «Kale gorrian eta pobrezia gordinenean bizitzera kondenatuak. Lan eta bizitza duinetik oso urrun kokatzen diren datu eta errealitateak. Egoera hauetan hildako bakar bat egotea ere onartezina izan beharko litzatekeen honetan, urtarrilaren 30ean greba orokorrera ateratzeko 6 arrazoi gehiago dira guretzako», nabarmendu dute.

Gazteek azaldu dutenez, langileen heriotzak «ez dira ‘gertatzen diren gauzak’, aurreko astean Osalaneko zuzendariak egindako adierazpenetan azaltzen zuen bezala». «Lan istripuak prekarietatean oinarritzen den merkatu sistema baten icebergaren punta besterik ez dira. Lan istripuak gertatu egiten dira, enplegu prekarioak ditugulako. Gertatu egiten dira, praktika kontratuak izanda, formakuntzara bideratu ordez, lanpostuak betetzera jartzen gaituztelako. Gertatu egiten dira, merkatuak lan ordu amaigabez lanean eta beherapenen presiopean azpikontrata baten bidez lan egitera behartzen gaituelako. Gertatu egiten dira, istripu hauek ekiditeko segurtasun neurriak ez direlako hartzen. Ez dira kasualitate bat. Arazo estrukturala da», gaineratu dute.

«Prekarizazioarekin amaitzeko politika errealak exijitzeko aterako gara urtarrilaren 30ean kalera, gainontzeko herri mugimenduko sektoreekin eta gazte eragileekin batera: autonomo faltsuekin amaitzeko, azpikontratazio basatia mugatzeko edota aldi baterako kontratuekin amaitzeko. Aski da! Sarraski honekin bukatu beharra dago! Langileon odolarekin aberasten direnen aurrean, urtarrilaren 30ean greba orokorra!», azpimarratu dute.