NAIZ

Ipar Euskal Herriko ehun bat eragile, parekidetasunaren alde hauteskundeei begira

Ipar Euskal Herriko Garapen Kontseiluak luzaturiko proposamenari jarraituz ehundik gora gizarte eragile bildu ziren ostegunean Baionan. Bileraren ondotik heldu den martxoan egingo diren herri hauteskundeak emazte eta gizonezkoen arteko bendintasuna sustatzeko «aukera bilaka ditzaten» eskatu diete lurraldeko hautetsiei.

Berdintasunaren aldeko Foroan ehundik gora eragile bildu ziren. (Ipar Euskal Herriko Garapen Kontseilua)
Berdintasunaren aldeko Foroan ehundik gora eragile bildu ziren. (Ipar Euskal Herriko Garapen Kontseilua)

Euskal Hirigune Elkargoak tokiko bizitzan emazte eta gizonen arteko berdintasuna sustatzearen aldeko europar gutuna sinatu zuen 2018. urtean.

Iazko ekainean, berriz, ekintza plana onartu duen Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa bere baitan hartzen duen erakundeak.

Engaiamendu hori txalotzearekin batera, Ipar Euskal Herriko Garapen Kontseiluak luzaturiko gonbidapenari jarraituz ehundik gora eragile bildu ziren, ostegun iluntzean, Baionan, ekintza zehatzak jartzeko beharra irudikatu zuen eztabaida batean.

Heldu den martxoan herri hauteskundeak izanen dira Ipar Euskal Herrian. Herriko alkateak aukeratzearekin batera boza horiek Euskal Hirigune Ekargoa berritzeko balioko dute.

Horrendako, hauteskunde horietara begira «ekintza zehatzak» plantan emateko konpromisoa hartzea eskatu diete hautetsie Baionan bildutako herritarrek.

Indarrean dagoen hauteskunde legeak zerrendak osatzeko momentuan parekidetasuna aintzat hartzeko agindua ematen du 1.000 biztanletik gorako herrietan. «Ez du, halere, beste herrietan, zeinahi neurritakoak izanik ere, parekotasuna ezartzea debekatzen», oroitarazi dute bilera ostean zabaldutako adierazpenean aipaturiko gizarte eragileek.

Gauzak horrela lehenengo itzulitik –boza horiek bi egunetan jokatuko dira: martxoak 15 eta 22an– parekotasunaren aldeko parioa egiteko gonbita luzatu dute.

Zerrendak soilik ez, hauteskundeen ondotik eratuko diren herri kontseiluetan ardurak banatzeko orduan parekotasuna ardatz gisa hartzea eskatu dute.

117 emazte Euskal Elkargoko kontseiluan

Finean, bozen bi itzuliak amaituta, egiazki, aurten lehen aldikoz hirugarren bat badatorrela gogoratu dute. Hartara, Euskal Elkargoko organoak osatzeari begira herri eta herriarteko eremuetatik bidaliko dituzten ordezkariak zehazteko orduan berdintasun irizpidea errespetatzea galdedin dute gizarte eragile hauek.

Parekidetasunaren aldeko adierazpena adostu duten herritarrek oroitarazi dutenez, Ipar Euskal Herriko 158 herri ordezkatuta daude Elkargoko organoetan. Gauzak horrela, herri bakoitzak bederen emazte bat bere ordezkaritzan sartzeko aukera egingo balu, 117 emazte hautetsi gisara jardutea Elkargoko kontseiluan «baietz posible litzatekeela» iradoki dute ehundik gora herritar horiek publiko egin duten adierazpen horretan.

Orotara 233 ordezkari ditu Euskal Elkargoko kontseiluak.