naiz

Alkoleako tuneleko lanak amaituta, Deba-Mutriku errepide berria ireki dute trafikoarentzat

Urtebete baino gehiago iraun du GI-638 errepideko obrak, eta otsailaren amaierara arte bukatuko ez duten arren, asteazkenetik aurrera trafikoarentzat irekita egongo da.

Alkoleako tunela. (@Gipuzkoa)
Alkoleako tunela. (@Gipuzkoa)

Alkoleako tuneleko lanak amaituta, Deba eta Mutriku lotzen dituen errepide berria ireki dute trafikoarentzat asteazkenean. Iazko urtarrilaren amaieran hasi zituzten obrak, eta Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak esan duenez, otsailaren bukaeran amaituko dituzte lanak behin betiko. Orotara, 10 milioitik gorako aurrekontua behar izan du obrak.

Olanorekin batera, Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako sailburuak Mutrikuko GI-638 errepideko obrak bisitatu ditu. Esan dutenez, asteazkenetik aurrera, trafikoa bide horren trazadura berritutik ibiliko da, eta, horrela, mutrikuarrek «lotura moderno, seguru eta lehiakorra» izango dute aurrerantzean. «Mutrikurekin eta inguruko biztanleekin genuen zor historikoa kitatu dugu horrela», adierazi du Markel Olanok.

Oiarbidek azaldu duenez, zenbait lan amaitzeke daude oraindik, hala nola garbigunearen aurreko plataformari eusteko horma, seinaleen erremateak, euste- eta argiztapen-sistemak, espaloiaren zoladura eta Ondarbeltz hondartzako hormaren estaldura. Lan horiek egin ahal izateko, zirkulazio erreietako bat okupatu beharko dela ohartarazi du.

Ipitxarriko erauzketarekin batera, Alkoleako tunela, 106 metro luze, obrako puntu kritikoenetako bat izan dela segurtatu dute. «Errepide berriaren puntu garrantzitsuenetako bat da. Tunel honi esker, trazadura nabarmen hobetuko da puntu honetan, eta gidariek ez dute Alkoleako puntatik zirkulatu beharko, haren bihurgune itxiek zaildu egiten baitzuten bidea, gidarientzako arriskugarritasuna areagotuz», esplikatu du ahaldun nagusiak.

Otsailean errepide berria irekitzen dutenean, trafikoa behin betiko trazaduratik mugituko dela jakinarazi dute eta, beraz, oinezkoentzako pasealekua ere amaituko da. Horrez gain, trafikoak libratzen dituen errepide zati horietan, Ipitxarrin eta Alkolean, lurrak txukunduko dituzte, eta ibilgailuak aparkatzeko guneak egokituko dituzte. Diotenez, aparkaleku horiek bateragarriak izango dira oinezkoen eta txirrindularien joan-etorriekin.