MARTXELO DIAZ

Hego Euskal Herrian egunero 311 lan istripu edo laneko gaixotasun izan ziren 2019an

Gehiengo sindikalak egin duen txostenaren arabera, 311 lan istripu edo laneko gaixotasun izan ziren egunero 2019an. EAEn (azaroa bitarteko datuak) %2,3 hazi ziren istripuak eta Nafarroan (iraila arte) %19,8. Azpikontratazioa, behin-behinekotasuna eta prekarietatea aipatzen dute sindikatuek arrazoien artean.

ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE eta Hiru sindikatuek txostena aurkezteko Iruñean egin duten agerraldia. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)
ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE eta Hiru sindikatuek txostena aurkezteko Iruñean egin duten agerraldia. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE eta Hiru sindikatuek egindako txostenak adierazten duenez, iaz orotara 46 hildako izan ziren lan istripuetan 2019 urtean. Aurten dagoeneko zortzi dira, horietako bi asteazkenean jazo zirelarik. Herrialdeka, Araban sei hildako izan ziren, Gipuzkoan bederatzi, Bizkaian hamasei eta Nafarroan hamabost. 2018an 67 hildako izan ziren Hego Euskal Herrian, sindikatuen datuen arabera.

Istripu hauen ezaugarriak honako hauek dira: %28 ez traumatikoak izan dira, %10 altueratik erortzearen ondorioz jazotakoak, %28 in itinere eta %20 harrapaketagatik edo kolpe bidez jasandakoak. Honekin batera, aipagarria da istripua izandako langileen %28 azpikontratatuak izan direla.

Herrialdeka, Araban 6.382 lan istripu izan dira, Bizkaian 17.442, Gipuzkoan 10.538 eta Nafarroan 19.657.

«Lan istripuen zenbateko orokorra aintzat hartuta kopuruak goranzko joeran jarraitzen duela esan dezakegu, beraz, ondorioztatzen dugu lan osasunaren eta prebentzioaren egoera ez dela hobetu Hego Euskal Herriko lantokietan. Arrazoi nagusietako bat da kalitate eskaseko enplegua, prekarietatearen ondorio zuzena dena. Prekarietatea ezarri da enpresetan azpikontratazioarekin, lan erritmo handiak tarteko, bitarteko tekniko eta humanoetan inbertsio nahikorik egiten ez delako, edota informazio nahiz formazio eskasiagatik. Prekarietatea da lan istripuen eta laneko gaixotasunen arrazoi nagusia», nabarmentzen du txostenak.

Datu larri hauek are larriagoak dira kontuan izanda, Iruñean LABeko Imanol Karrerak nabarmendu duenez, badirela estatistika ofizieletik kanpo gelditzen diren istripuak, enpresek eta mutuak izkutatu edo larritasuna kentzen dietelako. «EAEn zein Nafarroan gertatzen diren lan istripu eta gaixotasun asko eta asko estatistika ofzialetan jaso gabe geratzen dira. Istripu hilgarrien kasuan 2019an gehiengo sindikalak jasotako datuekiko erregistro ofzialetan %39 gutxiago bildu ziren, alegia, 18 heriotz istripu hilgarri ez dira zenbatuak izan. Pentsatzekoa da istripu larriei eta arinei dagokienean antzekoa gertatzen dela. Beraz, asko dira estatistika ofzialetan agertzen ez diren lan istripuak», nabarmentzen du txostenak.

Lakua eta Nafarroako gobernuen ardura

Egoera honen aurrean Lakua eta Iruñeko gobernuek duten jarrera salatu dute txostena egin duten sindikatuen ordezkariek. «Gasteizko eta Nafarroako gobernuek jarraitzen dute langileen segurtasuna eta osasuna serio hartu gabe, laneko osasunari buruz mintzo dira baina prekarietatea eragiten duten politikak sustatzen dituzte. Arlo horretan, ez dute euren politiken norabidea aldatu, ezbehar kopuru handiaren gaitz soziala desagerrarazteko eraginkorrak eta nahikoak ez direla jada argi geratu den arren. Bai EAEn, bai Nafarroan, prebentzioa xede duen aurrekontu orokorretako gastu publikoak (Osalan eta INSPL) berdin jarraitzen du azken urteetan eta %0,1 baino baxuagoa da, hau da, ez da nahikoa», dio txostenak.

Iruñean egin duten agerraldian sindikatuek eskaera zuzenak egin dizkiote Maria Chiviteren Gobernuari. Lan-harremanetarako eta babes sozialerako bertako esparru bat sortzea nahi dute eta, honekin batera, Lan eta Gizarte Segurantzaren ikuskaritza Nafarroara ekartzea, 2018an Nafarroako Parlamentuak eskatu zuen bezala.

Lan Osasunaren Zerbitzuko pertsonal ugaltzea; lan-osasunaren politika publikoetarako aurrekontuak handitzea; agente kartzinogeno, mutageno eta ugalketarako agente toxikoetako esposizioa duten enpresen kontrola areagotazea; enpresa arriskutsuen erregistro bat sortzea; seguratasun neurriak ez dituzten eta istripu hilgarriak jasan dituzten enpresen izenak zabaltzea; errepideetako puntu beltzak ezabatzea; desamiantatzerako erreserba-funtsak sortzea eta kontratazio publikoan parte hartzen duten enpresei lan-segurtasun minimoak eskatzea dira beste aldarrikapenak.

U30erako deia

«Urtarrilaren 30eko greban honako hauek aldarrikatzen ditugu: pobrezia deuseztatzea, azken lan erreformak indargabetzea, pentsio duinak bermatzea, DSBE eta etxebizitzarako eskubidea babestea, emakumeek pairatzen duten soldata-arrakala desagerraraztea eta laneko segurtasuna eta osasuna hobetzea, besteak beste. Lan harremanen eredu propioa erabaki ahal izatea, baita negoziazio kolektiborako berezko esparrua ere, lan istripuak eta gaixotasun profesionalak deuseztatzera zuzendua. Horrela, enpleguaren kalitatea argi eta garbi hobetuko litzateke eta, oro har, Hego Euskal Herriko langileen baldintzak hobetuko lirateke eta laneko prekarietatea desagertuko litzateke», nabarmentzen du sindikatuen txostenak grebarako deia eginez.