NAIZ

Satorralaiak kontzentrazioa egin du parlamentariek metroaren obretara egin duten bisitaren aurrean

Satorralaia bizilagunen mugimenduko kideak Donostiako Pio Barojako obragunean kontzentratu dira hirian metroa eraikitzea «zeharo behargabekoa, baliabideen xahutzailea» eta Lakuako Gobernuak «herritarren inongo partehartzerik gabe inposatu duen» egitasmoa dela salatzeko.

Donostiako Pio Barojako obren aurrean Satorralaiak egin duen elkarretaratzea. (@satorralaia)
Donostiako Pio Barojako obren aurrean Satorralaiak egin duen elkarretaratzea. (@satorralaia)

Satorralaiak kontzentrazioa egin du goizeko 10.00etan Gasteizko Legebiltzarreko Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Batzordeko parlamentariek Donostiako metroaren obrara egin duten bisitaren aurrean.

«Un metro en Donostia ¿para qué? Behargabekoa-Xahutzailea-Inposatua» zioen pankarta batekin eta metroaren aurkako aterki horiekin egin dute protesta Pio Barojako obragunean.

Satorralaiak salatu duenez, metroaren pasantea «arrazoigabekeriaren bidetik doa aurrera». Izan ere, Donostian lurrazpiko metro bat eraikitzea «xahuketa ekonomiko itzela» dela kritikatu dute, eta Lakuak aurtengo aurrekontuetan obrarako 40 milioi eurotik gorako partida bat bideratzen duela gaineratu dute.

«Egitasmo honek ez du justifikaziorik hiriko mugikortasunaren hobekuntzaren ikuspegitik, Dbus kaltetuko duelako batez ere, autoen trafikoa apenas gutxitu gabe», nabarmendu dute Satorralaiako bizilagunek.

Gaur parlamentariek obrara egin duten bisita hori, gainera, bizilagunen mugimendu honek metroaren egitasmoan atzemandako irregulartasun larrien berri emateko joan den abenduaren 11n Gasteizko Parlamentuko Azpiegitura Batzordean egindako agerraldiari ETSk ematen dion erantzuna dela kritikatu dute, hain zuzen ere «irregulartasun larri horien gainean ke-gortina bat bota asmoz».

Era berean, Donostiako metroaren proiektuan Pio Barojan aurrikusten den larrialdi irteeraren inguruan Fiskaltzak ikerketa bat abian jarri duela gogoratu dute, «larrialdi-irteera horrek trenbide-tunelen segurastunaren nahiz bidaiarien ebakuaziorako baldintzen inguruan indarrean daude araudi guztiak urratzen dituelako».

Bizilagunen batzarra

Datorren astelehenean, urtarrilak 27, metroaren aurkako bizilagunen batzarra egingo dutela ere iragarri dute. 19.00etan izango da, Amarako Eskoletan. Hori dela eta, batzarrera etortzeko deia egin dute, «aurrera begira landu beharreko ekintzen inguruan proposamenak eztabaidatzeko».