Sindikatuek deituriko zazpigarren mobilizazio jendetsua Baionan

Abenduan mobilizatzen hasi zirenetik zazpigarren manifestazio jendetsua egin dute sindikatuek Baionan. 3.000 manifestari inguru bildu dira pentsio erreformaren lege proiektua Ministroen Kontseiluan tramitatuko den egunean. Goizean ENGIE energia enpresako sarrera blokeatu dute manifestariek. 

Haritz LARRAÑAGA|BAIONA|24/01/2020
Baiona-manifestazioa
Baionako manifestazioaren irudia. (Bob EDME)

Arlo desberdinetako grebalariek bat egin dute Baionan, sindikatuen arabera, 3.900 lagun bildu diren manifestazioan. Gaur egingo dute pentsio erreforma lege proiektu bilakatzeko tramitea Ministroen Kontseiluan eta sindikatuek greba eta mobilizazio eguna deitu zuten Estatu frantziarrean.

Goizeko zazpietan ENGIE enpresak Lapurdin duen egoitza nagusiko sarrera blokeatu dute sindikatu desberdinetako 40 manifestarik. Energia enpresako arduradun nagusiak Macronen erreformaren aldeko hitzaldia eman zien langileei eta berriki greba egiteagatik langile bat zigortzeko asmoa zuen, baina gaurko protestaren ostean, greba egin zuen langilea ez zigortzeko erabakia hartu duela iragarri du nagusiak.

Abendu hastapenetik Baionan egin diren manifestazio guztietan bezala, gaurkoan ere gehiengo sindikalaz gain arlo desberdinetako mugimendu, langile eta grebalariek hartu dute parte mobilizazioan. Atzo gauean Baionako karrikak lastargiekin zeharkatu zituzten 1.000 manifestarik, eta gaurkoan, ohiko moduan, mobilizazio zaratatsua eta koloretsua egin dute.

Greba luzea

BVA-RTL agentziaren arabera, Estatu frantsesean gizartearen %70 erreformaren kontrakoa da. Peio Dufau CGTko ordezkariak azaldu duenez, «arlo batzuetan protestak apaldu dira, baina geroz eta eremu gehiagotara ari da zabaltzen mugimendua».

Trenbideetako grebalariek, esaterako, 46 egun bete dituzte greban, eta Dufauk onartu du hasieran zuten indarra galdu dutela, «hastapenetan %100 ginen grebalariak, orain gutxiago gara, eta normala da, langileek dirua galtzen dute, baina greba ostean lanera itzuli direnak ere harrituak ziren bezeroek erakusten dieten sostenguarekin».

Grebak eta protestek luze joko dutela nabarmendu du CGTko bozeramaileak, baina bere iritziz «garrantzitsuena da, arlo batzuetan indarra galdu arren, mugimendua orokorrean indartzen ari dela». 

NOTICIAS RELACIONADAS