NAIZ

Mugak Zabalduz Karabana sareak datorren udan Balkanetara bidaiatzea erabaki du

Lurralde ezberdinetako ia ehun pertsonek amaitu dute igande honetan Mugak Zabalduz Karabanak 2020 Artean egindako prestaketa topaketa. Bertan, datorren udan Balkanetara bidaiatzea erabaki dute.

Mugak Zabalduz Karabana sarearen topaketa. (Ongi Etorri Errefuxiatuak).
Mugak Zabalduz Karabana sarearen topaketa. (Ongi Etorri Errefuxiatuak).

Pertsona migratzaileen harreran erreferente den Arteako herriak 2016tik migratzaileen eskubide urraketa salatzeko Europako mugan zehar ibiltzen den aktibista sarearen partaideak hartu ditu asteburuan. Lurralde ezberdinetako ia ehun pertsonek hartu dute parte.

Topaketan, penintsulako 16 lurraldetatik etorritako pertsonek hartu dute parte, baita pasa den udan Andaluzia eta Ceutako hegoaldeko mugara joandako Carovane Migranti Italiako sarearen 9 ordezkarik.

Sareak datorren udan egingo duen biaia erabaki behar zuen igande honetan, eta aurkeztutako proposamenak eztabaidatu ondoren, aukeratutako lekua Balkanetako penintsula izan da. Uztailaren 17tik 26ra joango dira eta ibilbidean Frantzia-Italia arteko muga, baita Italia -Austria, -Eslobenia eta -Kroaziakoak zeharkatuko dira.

Topaketan migratzeko eskubidea eta migratzaileen eskubideen aldeko esperientzia ezberdinei buruzko mahai-ingurua egin dute. Hurrengo hauek izan dira aurkeztutako esperientziak: Carovane Migranti; ToxicTour, transnazionalek eta merkataritza libreak gizartean eta ingurumenean dituzten eraginak salatzeko karabana; Erdialdeko Amerikako Caravana Migrante eta Caravana de Madres, desagertutako migratzaileena.

Hemendik aurrera batzorde eta koordinazio lan bat hasiko da ekimena aurrera ateratzeko.

Jardunaldia eskupilotako erakustaldi batekin amaitu da Arteako frontoian.