Naiz

Iñigo Lopez Simonek irabazi du Tene Mujika Saria

Bilboko txabolismoa 60ko hamarkadan aztertuko du egileak. 1950. hamarkadatik aurrera hazkunde ekonomiko handia izan zen Bilbo inguruan Estatu espainoleko gazte askok gurera jo zutelako. Etxebizitzen gabezia zela eta, etxolak eraiki behar izan zituzten.

Iñigo Lopez Simon izan da aurteko irabazlea. (Paula BLANCO VAZQUEZ)
Iñigo Lopez Simon izan da aurteko irabazlea. (Paula BLANCO VAZQUEZ)

Iñigo Lopez Simon historialari bilbotarrak irabazi du 2020ko Tene Mujika beka, Bilbon, XX. mendearen erdialdean gertatu zen txabolismoa aztertuko duen proiektu batekin.

Euskal Herriko historia hurbilaz idazteko ez-fikziozko proiektuak saritzen ditu Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolaturiko beka honek. Aurten aurkeztutako proiektuen artean Lopezena eman du irabazletzat Idurre Eskisabelek, Imanol Muruak eta Elixabete Garmendiak osatutako epaimahaiak eta, orain, urtebeteko epea izango du historialariak lana burutzeko, gero liburu gisa argitara dadin.

1950etik aurrera hazkunde ekonomiko handia gertatu zen Bilbo aldean eta beste zenbait inguru industrialetan. Aldi berean, Estatu espainoleko hainbat zonaldetan, milaka gazte bere lurra uzteko eta migratzeko prest zeuden, etorkizun hobe baten bila. Hortaz, Extremadura, Galizia edo Gaztelako landa-lurretatik samaldaka iritsi ziren gizon-emakumeak, baina garaiko agintariek ez zituzten azpiegiturak abiada berean prestatu, eta etxebizitzen gabeziari aurre egiteko etxolak eraiki behar izan zituzten migratzaile haiek.

Horrela sortu ziren txabola-auzoak Bilboren inguru osoan 50eko hamarkada amaieratik aurrera, eta fenomeno hori gertutik aztertu nahi du liburu honek, bai testuinguru sozioekonomikoan kokatuz, bai protagonisten bizipenak ahoz aho jasoz.

Iñigo Lopez Simon 1984an jaio zen Basaurin. Historian doktorea da, hiri-marjinalitateari eta gazte-delinkuentziari buruzko tesi batekin, eta Otxarkoagako txabolismoaz ere idatzi izan du. Hauxe izango du arlo akademikotik kanpoko lehenbiziko argitalpena.