Jon Ormazabal

Jaka-Zabaleta eta Artola-Imazen garaipen garrantzitsu eta sufrituak

Tanto bakarraren aldearekin nagusitu dira Baikoko gipuzkoarrak Labriteko emozioz beteriko partidan eta liderrek 22-16 irabazi diete Laso-Albisuri Idiazabalgo pilotalekuan.

Unai Lasok sartzeko aukera gutxi izan du Idiazabalen. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)
Unai Lasok sartzeko aukera gutxi izan du Idiazabalen. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

Sailkapen buruan dauden bikoteek ez dute amore emateko asmorik eta puntu garrantzitsu bezain landuak eskuratu dituzte Jaka-Zabaleta (22-16 Laso-Albisuri) liderrek eta bigarren postuan egonkortzen diren Artola-Imazek Idiazabal eta Iruñean (21-22 Irribarria-Rezustari).

Nekez izan dezake partida batek Labriten izan denak baino emozio handiagorik, tanto bakarraren aldeaz nagusitu baitira Baikokoak 81 minutu eta 737 pilotakadako neurketa gorabeheratsu baten ostean. Ordura arte oso seguru aritu den Beñat Rezustak galdutako pilotakada batek eman die garaipena urdinei eta Aspekoek, aldiz, sufritzen jarraitu beharko dute sei lehenengoen artean jarraitu nahi badute. 2017ko txapeldunak ez dira gai piloteoan duten nagusitasuna tantoetan islatzeko, amaitzea kostatzen zaie eta partidak luzatzen badira asko sufritzen dute.

Artola eta Imaz, ordea, gozatzen ari dira txapelketa honetan eta berdin die puntua lortzeko bi egunez pilotan aritu behar badute ere. Gaurko lehian behetik gora egin dute, batez ere atzelariak eta askotan defentsan aritu behar izan badute ere, burdinezko fedearekin aurrera egitea lortu dute.

Idiazabalgoa atzelarien arteko lehia izan da nabarmen eta, hasiera batean gozakaitz hasi bada ere, Jose Javier Zabaleta izan da partidako izarra. Sekulakoak eman dizkio eta etxetik gertu aritu den Jon Ander Albisuk defentsako lan bikaina egin duen arren, momentu zehatz batzuetan egindako hutsek galarazi diete zeramaten emaitza eta joko bolada izugarriari jarraipena ematea. Partida orekatua izan da hamarnako berdinketara arte, baina hortik aurrera Aspekoak nagusitu dira.