Amalur ARTOLA

«Isiltasun urte luzeak», 36ko Gerrako hilobiratuen ahotsa

Aldi berean lau hizkuntzatan –galegoa, euskara, katalana eta gaztelera– ikusi du argia Francisco Castro galizarraren ‘Isiltasun urte luzeak’ (Alberdania) eleberriak. Idazleak 36ko Gerran kontzentrazio-eremu bilakatu zuten Galizako pazo edo etxalde batean jazotakoak ekarri ditu literaturara.

Francisco Castro, Skype bidez, pantailan. (NAIZ)
Francisco Castro, Skype bidez, pantailan. (NAIZ)

«Maitasun istorio» gisa deskribatu du Francisco Castrok ‘Isiltasun urte luzeak’ eleberria, baina hori baino irakurketa aski zabalagoa egingo du irakurleak. Bi plano narratibo eta 36ko Gerraren itzala daramatzan eleberria da Castrorena, aldi berean lau hizkuntzatan –jatorrizko galegoa, euskara, katalana eta gaztelera– argitaratu dena.

Euskarazko itzulpena Alberdaniak argitaratu du eta Mitxel Murua izan da euskarara ekartzearen arduraduna. Donostian egin duten aurkezpenean, Jorge Gimenez Bech editoreak eleberriak piztu duen interesa izan du hizpide (horren adierazle aldi berean lau hizkuntzara ekarri izana) eta, hitza hartuta, itzultzaileak eleberriaren gakoak zerrendatu ditu. «Hainbat plano eta korapilo ditu, alde horretatik anitza da egitura, ahots eta trama ezberdinez eraikia», azaldu du. Itzulpena egiteko aparteko oztoporik ezean, lanketa handiena garaiko hizkera eta egungoa tartekatzeak ekarri diola esan du.

Izan ere, Castrok bi plano narratibotan egituratu du eleberria: orainaldia eta 1936ko uztailaren 18an Galizako Flavia auzora tropa frankistak sartu osteko hilabeteak. Iraganeko planotik Ana, Dario eta Ramonen ahotsa gailenduko da. Medikuaren alaba da Ana. Bere aitak etxeko ateak zabaldu dizkio herri xeheari hezkuntza eta kulturarako sarbidea izan dezaten (teleskopioa, liburutegia eta eskola txiki bat ezarriko ditu bere etxaurrean) eta, haur denetik, Ana aitaren laguntzaile arituko da. Sasoi horretan sartuko dira euren etxean Ramon eta Dario, umezurtzak biak, eta helduaroan –euren bideak bananduta, lehena poeta eta bigarrena militar bilakatuta– Anarekiko maitemina sentituko dutenak. Anxela da kontakizunaren laugarren hanka. Skype bidez, Galizatik eman du Castrok haren berri: «Biolentzia harreman batetik ihesean dabil. Irakurtzen, pentsatzen duten emakumeen aurkako biolentzia beti da bera, izan 36an edo gaur egun».

Anak Ramon poetarekin maitasun harremana abiatzean Dario militar frankistak bere gorrotoa askatuko du haiengan eta, bidenabar, ingurukoengan. Hala, euren pazo edo etxaldea kontzetrazio-eremu bilakatuko da, gerraren alderik ilunenaren lekuko. «Gerra zibila testuingurua da nobela honetan, uste dudalako gainbegiratzeko asko dagoela gure historian, lurrez estali ziren horiek ezin baitute hitz egin», nabarmendu du. «Kulturarekiko maitasunaz» ari den eleberria ere badela esan du, «poeta errepresaliatuena, eta diktadurak inposatu nahi izan zuen horren aurkako borrokarena».

Kontzetrazio-eremu horretatik irten gabe, 36ko Gerrako biolentzia erakusten du Castrok: «Frankistek edonor izenda zezaketen errebelde, kausa penalik ireki gabe, eta aldi berean euren ondarea bere egin zezaketen, hau da, familiarenganako biolentzia bat ere bazegoen. Pazo horretatik oinak aurretik dituztela aterako dira», aurreratu du Castrok.

Eleberria lau hizkuntzatan argitaratzeak gaiarekiko dagoen «interesa» erakusten duela uste du Castrok. «Une egokian argitaratu da gainera, XXI. mende betean, non 'Viva Franco’ gisako adierazpen faxistak trending topic diren Twitterren. Milaka pertsonek hiltzaile bat, genozida bat goraipatzen dute, eta hori ikaragarria da. Gure ardura da aurrez-aurre jarri eta ‘hemendik ez zarete pasako’ esatea», ziurtatu du.