Ramon SOLA
BILBO

«Eurokopa honi ez», Bilboko zinegotziaren aurrean, San Mameseko Football Summit-en

San Mamesen ospatzen den Football Summiten laugarren edizioa «Eurokopa honi ez» aldarrikapenak astindu du, hasi bezain pronto. Bilboko zinegotzi den Xabier Ochandianok hitza hartu duenean, bi gaztek protesta egin dute oholtzan.

Bi gazteak, Ochandiano zinegotzia tartean dela. (R.S.)
Bi gazteak, Ochandiano zinegotzia tartean dela. (R.S.)

Munduko entrenatzaile aski ezagunak biltzen dituen jardunaldia ospatzen da gaur Bilbon laugarren aldiz, Internacional Football Summit delakoa. Lehenengo gaia aurtengo Eurokopa zen, baina kontuari heldu bezain laster ustekabea hartu dute munduko toki ezberdinetatik etorritako lagunek, bi gaztek oholtzara igo eta ‘Eurokopa honi ez’ oihukatzeari ekin baitiote, ikurrina eta ekimenaren ikurra eramaten.

Xabier Ochandiano Bilboko Suspertze Ekonomiko zinegotziaren aurrean egin dute protesta hau. Minutu pare bat eman dute honela, eta azkenik beren kabuz atera dira.

Protestagatik barkamena eskatu die gero Ochandianok bildutakoei. Eurokopa Bilbon jokatzea, espainiar selekzioa etxeko taldetzat hartuz, hiriak daraman garapen ekonomikoaren barruan kokatu du. Eta hauxe erantsi du: «Hurrengo hilabeetean Errege Kopako finalean bi euskal talde izan ditzakegu, eta aldi berean San Mamesen espainiar selekzioa hartu, normaltasun eta lasaitasun osoz».

Horrekin batera, Loiuko aireportua gauez erabiltzeko arazoak aipatu ditu (aste honetan jakin da langileak ez direla horretarako prest). Ochandianok gogorazi duenez, Forondako aireportua erabilgarria dago egunez eta gauez, eta Loiukoa konponduko ez balitz, bigarren aukera hori badela eman du aditzera.