Amagoia Mujika

Joxe Mari Auzmendi, Hik Hasi proiektuaren arima, hil da

Atzo eguerdian hil zen Joxe Mari Auzmendi (Azkarate, Nafarroa, 1954), gaixotasun baten ondorioz. Bizitza osoa herrigintzaren bueltan aritu da, hezkuntzan bereziki, oso garbi izan baitu hezkuntzak herriaren motorra izan behar duela. Berak sortutako Hik Hasi proiektu pedagogikoak 25 urte beteko ditu maiatzean.

Joxe Mari Auzmendi (Jon URBE / FOKU)
Joxe Mari Auzmendi (Jon URBE / FOKU)

66 urte bete berritan, bere bizitzaren parte handiena herrigintzari eta horren baitan hezkuntzari eskaini dizkio Joxe Mari Auzmendik. Nafarroako Azkaraten jaioa, Legazpin bizitu izan zen eta azken hamarkadetan, Hernanin. Kimikaria zen ikasketaz eta horretan lanean aritu zen hasiera batean. Baina bere pasioa betidanik haurrak eta hezkuntza izan dira eta Legazpiko ikastolara egin zuen salto. Gerora Magisteritza ikasi zuen. Irakasle lana utzi eta Hik Hasi proiektu pedagogikoa sortu zuen. Maiatzean justu 25 urte beteko ditu proiektuak. Eta ingurukoek kontatu dutenez, lasai eta pozik joan da, berak ereindako proiektua loretan eta sendo ikusi duelako.

Hik Hasi aldizkari pedagogikoaren bultzatzaile nekaezina izan da. Auzmendik garbi zeukan eskolak, etxeak eta herriak banatu ezin den hirukia osatzen dutela eta elkar hartuta aritu behar dutela. Gerora ‘Hazi eta Hezi’ aldizkaria ere bultzatu zuten Hik Hasitik, familiei begirakoa. OinHerri proiektuan ere buru-belarri aritu da, umeen aisialdi euskalduna, parte-hartzailea, hezitzailea eta herritarra bultzatu nahian. Bizipoza gizartegintzako egitasmoan ere bazebilen, beren beharrak ondo asetu gabe dituzten haurren eta familien alde.

Jolasaren, euskararen eta hezkuntzaren gaitasun transformatzailearen defendatzaile sutsua, herrigintzaren langile nekaezina, gertuko pertsona, beti gozo eta atsegin, Joxe Mari Auzmendik oso garbi zeukan herria zimendutatik hastekotan, zimenduak hezkuntza direla, etorkizunean helduak izango diren pertsona txiki horietan inbertitu behar dela denbora, dirua eta, batez ere, ilusioa.

Azken unera arte lanean segitu du. Joan den ostegunean bertan bilera batean parte hartu zuen hezkuntzaren munduko eragile desberdinekin Donostiako Tabakaleran. Gorputzez nekatuta zegoen arren, bilera berak dinamizatu zuen. Eta, agurrerako, herrigintzarako beti indarra gordetzen duenaren galdera: «hurrengo bilera noiz da?».