naiz
DONOSTIA

Alerta laranja bihar euskal kostaldean, olatuen eraginez

Donostiako itsas pasealekuak, bai ibilgailuentzat bai oinezkoentzat ere, itxi egingo dituzte bihar, 07:00etatik aurrera, olatuek kostaldean eragindako alerta horia laranjara pasatzean. Bestetik, Zarauzko portuko paretan irekitako zuloa gero eta handiagoa dela jakinarazi dute.

Olatu alerta laranja, bihar, Donostian. (Jon URBE / FOKU)
Olatu alerta laranja, bihar, Donostian. (Jon URBE / FOKU)

Olatuek euskal kostaldean eragindako alerta horia laranja izatera pasako da bihar 07:00etan eta, honen ondorioz, Donostiako udalak itsas pasealekuak itxi egingo ditu, bai ibilgailuentzat bai oinezkoentzat ere. 

Dagoeneko ibilgailuentzako itxita dago paseo berria, ez baina oinezkoentzako. Bihar, ordea, hau, Leizaola pasealekua eta Haizearen Orrazirako pasabideetatik igarotzea debekatua egonen da. Egun guztian zehar luzatuko da neurri hau.

Bestetik, asteazkenean olatuek Zarauzko portuan ireki zuten zuloak handitzen jarraitzen duela jakinarazi du Meteo Zarautzek.

Biharko olatuek egoera ez dute hobetuko eta herritarren kexak eta neurrien eskaera hedatu egiten ari dira. Gaur, itsasoan norabide aldakorreko haizea ibiliko da, 2-3ko indarrarekin. Egunaren lehen partean eta gauean hego-osagaiko haizea nagusituko da, eta arratsaldean eki-osagaikoa. Itsaso kizkurra izango da, itsaskirriko guneekin. Ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak 3-4-5 metroko olatuak altxatuko ditu goizaldean; egunean zehar txikituz joango dira eta gauean 2 metro ingurukoak izango dira. Bihar, baina, gora egingo du berriz ere arriskuak.