Mendilibarrek «kontzentrazioa» eskatu dio taldeari Ipuruan Realari aurre egiteko

Entrenatzaile armaginak ez du errepikatu nahi Mendizorrotzan gertatutakoa. «Reala hobea bada, irabaziko gaitu; baina gure erruagatik ezin da izan», azpimarratu du.

Amaia U. Lasagabaster|14/02/2020
Eibar
Jokalariek atera gehiago jaurti behar dutela uste du Mendilibarrek. (Juan Carlos Ruiz/Foku)

Anbizioa, lana, baloia mugitzeko gaitasuna… Gauza asko beharko ditu Eibarrek Reala gainditzeko Ipuruan igandean jokatuko den derbian baina José Luis Mendilibarrek «kontzentrazioa» eskatu die, batez ere, bere jokalariei. «Derbia da, Reala nola dagoen badakigu… Oso kontzentratuta zelairatzeko partida da. Mendizorrotzan ikusi genuen, lehen zatian ez ginela gaizki egon baina bigarrenaren lehen minutuan gola sartu zigutela, laster bigarrena, eta gero oso zaila da egoera horri buelta ematea. Ezin dugu kontzentrazioa galdu. Reala hobea bada, gauzak hobe egiten baditu, irabaziko gaitu. Baina gure erruagatik ezin da izan», azpimarratu du.

Azken jardunaldietan gertatutakoari begira, entrenatzaileak badauka beste eskaera pare bat bere jokalarientzat. Alde batetik, «atera jaurti» behar dutela gogorarazi die. «Golak sartzeko atera jaurti behar da. Jaurtiketa bakar batekin oso zaila da gola sartzea. Sarri jaurti behar da eta azken partida hauetan ez dugu egin», adierazi du. Bestetik, baloiarekin zer egin behar den ondo erabakitzearen garrantzia azpimarratu du. «Ahal dugun alde aurreratuenean lapurtzen saiatu behar gara, baina baita baloiaren erabilera ona egiten ere. Noiz euki behar dugun, noiz jo goruntz… jakin. Azken aldi honetan ondo estutzen ari gara baina hori faltan botatzen ari gara».

Mendilibarrek 20 jokalari dauzka prest partidarako. Sergio berreskuratu du eta, asteko lan saio guztietan parte hartu ezin izan duten arren, Cote, Arbilla eta Enrich ere deialdian egongo dira. Harmailetatik jarraitu beharko du, berriz, Pedro Bigasek. Atzelaria arazo fisikoekin joan zen Mendizorrotzara eta lesioa areagotu zitzaion bertan. Charles, bere aldetik, zigortuta dago bosgarren txartel horia ikusi ondoren.

Talde eibartarrak asteko azken lan saioa egingo du bihar Atxabalpen (11.00).