naiz

Otsoa interes bereziko espezie gisa ez onartzea eskatu du Gipuzkoako EHNE sindikatuak

Gipuzkoako EHNE sindikatuak Lakuak Arabako otsoaren aurrean izan duen jarrera «onartezina» dela salatu du eta interes bereziko espezie gisa ez onartzea exijitu dute. «Otsoaren eta abeltzaintza estentsiboaren arteko elkarbizitza ezinezkoa da», defendatu dute.

Gipuzkoako EHNEren agerraldia, Lakuak otsoaren aurrean izan duen jarreraren harira.  (Andoni CANELLADA/FOKU)
Gipuzkoako EHNEren agerraldia, Lakuak otsoaren aurrean izan duen jarreraren harira. (Andoni CANELLADA/FOKU)

«Sar ezazue Lakuan». Modu honetan, Gipuzkoako EHNE sindikatuak, Lakuak Arabako otsoaren aferaren inguruan izan duen jarrera arbuiatu du. «Nazkatuta gaude», adierazi dute. Gogora ekarri dutenez, otsailaren 5ean, Ingurumeneko aholku batzordearen bilerako gai ordenean otsoa «interes bereziko espezie» gisa onartu edo ez bozkaketa egin zuten eta kontseiluko sei ordezkarik aldeko botoa eman bazuten, bederatzik kontra egin zuten. «Interes bereziko espezie gisa ez onartzea adostu zen. Bost minutu geroago Ingurumen departamentuak komunikabideei adierazi zien interes bereziko espezieen zerrendan sartzeko izapideekin aurrera jarraituko duela», salatu dute.

Lakuako Gobernuak «bere kasa», Naturzaintzan gehiengoa osatzen duten hiru foru aldundien, Nekazaritza departamentuaren, herrietako ordezkarien eta sektoreko ordezkarien iritziaren «aurka» jokatu duela gehitu dute. «Zertarako sortzen dute Naturzaintza, gero nahi dutena egiteko?», galdetu dute.

Eta argi utzi, haien iritziz, otsoaren eta abeltzaintza estentsiboaren arteko elkarbizitza «ezinezkoa» dela. «Geroz eta abeltzain gutxiago dago otsoak dauden lekuetan eta daudenak intentsibora jo behar dute abereak ezin babestu gelditzen direlako». Hori dela-eta exijitu dute otsoa interes bereziko espezie gisa ez onartzea.

«Batzuek mendiaz, otsoaz edo basa faunaz orokorrean eta naturaz, era mitifikatu, urrutiko eta birgin baten moduan hitz egiten dute. Gu bertan bizi gara, naturarekin elkarrekintzan hartu eta emanean, abeltzaintza estentsiboak horixe egiten baitio inguruari eman eta bueltan jaso, herritarrei kalitatezko elikagaiak mahaian jarriz zikloa ixteko. Otsoa elkarrekintza hori apurtzera dator, askoz gehiago kenduz egiten duen ekarpena baino», gehitu dute.