Jon Ormazabal

Muturreko sufrimenduaren bidetik bigarren postua ziurtatu dute Ezkurdia-Martijak (22-21)

Laso-Albisu 7-14 eta 15-20 aurreratu dira baina gorriek buelta eman diote partidari Urdulizen. Artola-Arangurenek 8-22 irabazi diete Altuna-Galarzari Gernikan.

Tanto gutxiago egin arren, Ezkurdiaren erritmoak erabaki du partida (Luis JAUREGIALTZO/FOKU)
Tanto gutxiago egin arren, Ezkurdiaren erritmoak erabaki du partida (Luis JAUREGIALTZO/FOKU)

Sufritzen jakitea eta lana beltz egitea izan da, orain arte, Ezkurdia-Martijaren arrakastaren sekretua Binakako txapelketa honetan eta dohain horiek Urdulizen muturreraino eramanda lortu dute Aspekoek finalerdiak ziurtatzen dituen bigarren postua, emozioz beteriko partida batean Laso-Albisuri 22-21 irabazita.

Horixe izan da, 906 pilotakadako partida bikain batean, Aspeko sakandarrek markagailuan aurretik jarri diren une bakarra baina horretarako oso aldapan gora izan duten lehiari buelta eman behar izan diote, tartean pilotazaleak zutik jarri dituen 20-20koa  bezalako tanto gogorrak jokatuta. Azkenerako desgaste partida bat izan da Urdulizekoa, nafarrak sasoikoago heldu dira amaiera horretara eta Ezkurdiak erabaki du edozein aldetara eror zitekeen lehia, dejadaz lortutako tanto batekin.

Partida hasierak, ordea, ez du inolako antzik izan bukaera estu horrekin. Izan ere, materiala oraindik gastatu gabe zegoela, Laso-Albisuk beste abiadura bat eman diote pilotari eta azkar egin dute ihes markagailuan. Aurreko astean Bilbon ez bezala, partida hasiera bikaina jokatu dute Bizkarretakoak eta ataundarrak. Atzean, goierritarrak erabat dominatu du partidan sartzea kosta zaion Martija eta aurrean izandako aukera guztiak bikain baliatu ditu aurrelari nafarrak. Ia akatsik egin gabe, hankapean erabili dituzte euren partida egiten ari ziren Ezkurdia-Martija (1-8 eta 7-14 aurreratuta).

Aspekoek, dena dela, asko zeukaten jokoan eta amorerik ez emate horrek sekulako balioa duen garaipena eman diete. Euren bidetik sekula inoiz baztertu gabe, pilotak gastatzen joan diren eran erosoago sentitu dira eta Ezkurdiak ere erasorako aukera gehiago izan dituenez, partida orekatuz eta gogortuz joan da, gorrien pozerako. Laso-Albisuk ere azkenerako huts batzuk pilatu dituzte eta erasoan bikain aritu badira ere –aurrelariak esaterako 15 tanto batu ditu– eskuan zuten partidari ihes egiten utzi diote

Egurra Gernikan

Gernikan, bestalde, uste baino errazago atera dute aurrera  partida Artola-Arangurenek, euren egunik onena izan ez duten Altuna III.a-Ladis Galarzaren aurka (8-22). Era horretan Imazen ordez aritu den Aginagako atzelariak bere lehen garaipena lortu du lehen mailako txapelketan eta, Zestoan bezala, gaur ere oso itxura ona utzi du, etorkizun oparoko pilotaria dela berretsiz.

Misterio handirik gabeko partida izan da Santanapen jokatutakoa, hasiera-hasieratik hartu dute eta Baikokoek aginte makila, 6-0 eta 3-12 aurreratuta. Partida hasiera horretan Ladis Galarza galtzaile hasi da oso eta Jokin Altunak ezin izan dio nahi bezala lagundu, urdinak oso nagusi izan dira eta. Aurreko astean Iñaki Artolak oso sentsazio txarrekin amaitu bazuen, gaur ikaragarri gozatu du, erasorako aukera asko izan eta gehienak bikain aprobetxatuta. Alegiarrak denera bederatzi tanto egin ditu jokoan eta beste bi sake ere bildu ditu. Aspekoek, euren aldetik, ez dute erreakziorako inolako gaitasunik erakutsi eta amore eman behar izan dute.