R.S.

Ezker abertzaleko hamabi lagun deitu dituzte Auzitegi Nazionalera, ongi etorriak direla eta

Ezker abertzaleko hamabi kide aski ezagun Auzitegi Nazionalera deitu dituzte hurrengo egun eta asteetan, 2016tik 2019ra preso ohiei egiten zaizkien ongi etorriekin osatutako auziaren harira. Horien artean azken lau atxilotuak daude, urtarrilaren 22koak alegia.

Antton Lopez Ruiz, Intxaurrondotik ateratzean urtarrilaren 22an. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)
Antton Lopez Ruiz, Intxaurrondotik ateratzean urtarrilaren 22an. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Pasa den urtarrilaren 22an Oihana Garmendia, Antton Lopez Ruiz, Oihana San Vicente eta Haimar Altuna Sortuko kideak atxilotu zituen Guardia Zibilak eta koarteletara deklaratzera eraman, ongi etorriak antolatzearen akusaziopean. Ordu batzuen buruan aske geratu ziren. Orduan jakitera eman zen auzi handi bat osatzen ari dela Auzitegi Nazionalean, antza azken urteotan egindako 95 ongi etorri biltzen dituena.

Orain NAIZek jakin ahal izan duenez, lau lagun horiek Auzitegi Nazionalera joateko zitazioa jaso dute, auzi beragatik. Eta beraien egun berean beste bi ezker abertzaleko kide deitu dituzte, hauek ere sobera ezagunak eta urtarrilaren 22koak bezala aurretik preso egondakoak: Juan Mari Olano eta Julen Larrinaga, hain zuzen ere.

Bigarren txanda batean sei lagun gehiagori hitzordua jarri diete Madrilgo entzutegi berezian: Alberto Matxain, Garazi Autor, Ikerne Indakoetxea, Jorge Olaiz, Irati Tobar eta Miren Zabaleta dira. Hau beranduxeago gertatuko da, printzipioz, nahiz zitazioen egun zehatzak oraindik kolokan diren.

Orduan jakingo dute hamabi lagun hauek zer leporatzen dieten zehazki, Manuel Garcia Castellon instrukzio epaileak argitzen badu. Barne Ministeritzak urtarrilean sarekada horren harira aurreratu zuenez, presoei 95 ongi etorri inguru antolatu izana da ikertzen ari dena (2016ko abendutik 2019ko urrira bitarte, itxuraz). Harrera horietan «ETA goraipatu» eta «biktimei umiliazioa» eragin ote zitzaien aztertu nahi omen du Auzitegi Nazionalak, Guardia Zibilaren bultzadaz.

Polizia ikerketa duela urte eta erdi inguru abiatu zela adierazi zuen Ministeritzak. Ongi etorri horiek guztiak «Kalera Kalera dinamikaren baitan» garatu direla uste du.