Amaia Ereñaga

Ehunka lagunek migrazio politika salatu dute Santiagoko zubian

Ehunka lagunek hartu dute parte eguerdian Irun eta Hendaiaren arteko mugan etorkinen egoera salatzeko zenbait elkartek deituriko ekimenean. Hendaiatik 14:00 atera den manifestazioa, Ficoban bukatu da. 

Manifestazioa, Hendaiako geltokitik atera aurretik. ONGI ETORRI ERREFUXIATUAK BIZKAIA
Manifestazioa, Hendaiako geltokitik atera aurretik. ONGI ETORRI ERREFUXIATUAK BIZKAIA

«Inor ez da ilegala» xedea zuen ekimenak Hendaiako geltokitik atera da 14:00etan 'Euskal Herria, harrera herrira' idatzita zeraman parkarta baten atzea. Hendaian kokatutako migranteen erretentzio zentrotik pasa ondoren –han ere egunero mugan gertatzen denaren salaketa publikoa egin nahi izan dute–, manifestariek Santiagoko zubia pasa eta Ficoba azokan bukatu dute manifestazioa.

Mugaz bi aldeetako hainbat elkartek eta erakundek deituriko ekitaldi honek –Cimade, Irungo Harrera Sarea edo Ongi Etorri Errefuxiatuak, besteak beste– asmo garbi bat izan du; «Muga hau Europa barnean dela gogoratzea», haien hitzetan, «egunero muga honetan estatuen eurek emaniko legeak urratzen dituztelako».

Zortzi bat elkartek sinatutako aldarrikapenak dioen legez, «Schengen espazioan barruan poliziak ez du jendea identifikatu eta gelditu. Ezin du kontrol arrazistarik egin; jendea ilegalki kanporatu; ezin die adin txikikoei babesa ukatu… Aldiz, hori guztia egiten dute, paperak ez izateagatik deliturik egin gabe eta 90 egunez giltzaperatzen dute».

Eskatzen dena xumea da baina, era berean, ez da hain erraza estatuek etorkinen inguruan mantentzen duten jarrera ikusirik; giza eskubideak bermatu daitezen. «Gizarte dezenteago bat aldarrikatzeko bildu gara muga honetan», adierazi dute antolatzaileek.