NAIZ
ORDIZIA

Euskal Herriko BDZ mugimenduak CAF enpresari Jerusalemgo tranbia ez eraikitzea eskatu dio

Euskal Herriko BDZ (Boikot, Desinbertsio eta Zigorrak) mugimenduak CAF enpresari «giza eskubideak errespetatuz nazioarteko legeria bete» eta Jerusalemgo Tren Arina (JTA) ez eraikitzeko eskaera egin dio.

Ordizian izandako agerraldia. (Euskal Herria BDZ)
Ordizian izandako agerraldia. (Euskal Herria BDZ)

Euskal Herriko BDZ (Boikot, Desinbertsio eta Zigorrak) mugimenduak CAF enpresari «giza eskubideak errespetatuz nazioarteko legeria bete» eta Jerusalemgo Tren Arina (JTA) ez eraikitzeko eskaera egin zion larunbatean Ordiziako Barrena jauregian izandako agerraldian.

Bertan bildu zirenek aurkeztu zuten Euskal Herriko 70 erakundek baino gehiago sinatu duten manifestua. Tartean daude Euskal Herriko sindikatu, alderdi politiko eta gizarte eragileak.

«CAF eta Shapir eraikuntza enpresa israeldarrak elkarrekin sortutako kontsortzioak 2019an eskuratu zuen tranbia luzatzeko lana. Lanak esleitu aurretik, ordea, nazioartean garratzi handia duten gainontzeko enpresek uko egin zioten lehiaketari. Hauetako batzuk palestinarrekiko giza eskubideen urraketarekiko larritasuna aipatu zuten. Eta duela aste pare bat Nazio Batuen Erakundeak Palestinako lurren okupazio ilegalaren konplize diren zerrendan agertu zen CAFen kide den Shapir enpresa», azaldu zuten mugimenduko kideek.

Adierazi zutenez, «manifestuak, bidenabar, Veolia enpresari gertatutakoa birgogoratu nahi izan du. Frantziako enpresa honek tranbia honen ernamuinaren lehen fasea eraikitzeko lehiaketa irabazi zuen baina, 2015ean, nazioarteko boikot kanpaina medio 20 mila milioi euro galduta proiektuarekin jarraitzeari uko egin behar izan zion».

«Gainera, ezin da alde batera utzi CAFek berak duen jokabide etikoaren arabera 'giza eskubideak eta askatasuna bermatzea' beharrezko ikusten duela lanak egiten dituen toki orotan», nabarmendu zuten mugimenduko kideek.