NAIZ

Matteo Garroneren «Pinocchio» ilunak Berlinale txunditu du

Roberto Benigni berreskuratu du Mateo Garrone zinemagileak 'Pinocchio' bezalako haur literaturako klasiko honen bertsio iluna eta ederra josteko. Berlinale 'eraberritu' honetan, asteburua interesgarria suertatzen ari da.  

Matteo Garrone, Federico Ielapi besoetan hartuta, eta Roberto Benigni gaur Berlinen. John MACDOUGALL / AFP
Matteo Garrone, Federico Ielapi besoetan hartuta, eta Roberto Benigni gaur Berlinen. John MACDOUGALL / AFP

'Gomorra' filmeko zuzendariak, Mateo Garrone alegia, Italiako Mafiari agur esan eta haurtzaroaren unibertso magikoa birsortzeko hautua egin du bere azken lanean. Gaur lehiaketatik kanpo ikusi ahal izan da Berlinalen eta Italiatik arrakastatsu zetorren, harrera ezin hobea izan duelako zinema aretoetan. Jaialdi alemaniarreko kritika, era berean, txalotu egin du Garronoren lan ilun eta eder hau.

Estatu frantseseko aretoetara martxoaren 18an iritsiko da 'Pinocchio'; penintsulako aretoetan oraindik ez du datarik.


Eta Gepetto, 'zurezko txotxongiloaren' aita, antzezteko Roberto Benigni baino egokiagorik al dago? Bitxia suertatzen da, gainera, 2002an Roberto Benigni berak eraman zuelako Carlo Collodiren klasikoa pantaila handira. «Agian, ni izango naiz Pinocchio eta Gepetto, pertsonai biak, antzeztu duen aktore bakarra», adierazi du harro Berlinen aktore italiarrak. 

Mateo Garroneren xedea haurrak «liluratzea» izan da. «Lehengo ilustratzailearen testua eta marrazkiak berraurkitu nahi izan ditugu. Hortik aurrera, askatasunez jokatu dugu egoera komikoak sortu ahal izateko, commedia dell'arte-ren osagaiak erabilita».

«Pinocchiok, gizakiez, haren gatazkez eta tentazioez hitz egiten duen fabula bat da», gehitu du. Ipuin beltza atera zaio italiarrari, Italia behartsu eta pobre baten erretratua egin duelako.

«Ez naiz, dena den, klasiko honen berrirakurketa egingo duen bakarra izango», gehitu du. Eta arrazoia du, izan ere, Guillermo del Toro mexikarrak, Netflix plataformarako 'Pinocchio-ren' egokitzapen prestatzen ari delako. Antza, stop motion animazio-filma izango da, Italian 1930eko hamarkadan kokatua. Disney ere Pinocchio berritzeko ahaleginetan ari da, Robert Zemeckis zuzendariaren laguntzarekin. 

Lehiaketarako atalari dagokionez, gaur bi film ikusi dira: bata alemana eta bestea brasildarra. “Undine” alemaniarrean, Christian Petzold musak eta ninfen munduan murgiltzen da. «Ipuin magikoa da, emakume urtarraren kondaira, edertasun itsukoa, traizio egiten dion gizona hiltzeko predestinatua dagoen emakumearena", bere egilearen esanetan. Zinemagile hau Berlinaleko 'lagun zaharra' da, Berlingo zinemaldiko aurkezten duen bosgarren titulua baita hau. 

Bestalde, “Todos os mortos” brasildarra, Caetano Gotardok eta Marco Dutrak elkarrekin zuzendutako lana, 1899ko Brasilgo erretratua da, esklabotza abolitu berria den garaikoa. Filmaren ardatza emakumezkoen egoera da.