naiz

10 urteren ondoren agur esango du Topatuk, proiektu berri bat ortzi-mugan dutela

«Gazte proiektu komunikatiboa 2020ra ekarri eta honen birformulazioaren mesedetan», Topatuk bere ibilbidea amaitutzat emanen du. Hala, etorkizunean proiektu berri bat ekarriko dutela adierazi dute. «Bidean, abiapuntura itzuli beharra dago sarri, berriro ere bideari ekiteko».

Topatuk agur esango du 10 urteren ostean. (TOPATU)
Topatuk agur esango du 10 urteren ostean. (TOPATU)

10 urteren ondoren agur esango du Topatuk, «urrats berriak eman eta gazte proiektu komunikatiboa berriro ere lehertzeko». Hala iragarri dute gaur ohar baten bidez. «Hausnarketetan murgilduta izan gara azken hilabeteetan, eta erabaki zail baina garrantzitsu hau hartzea erabaki dugu, gazte proiektu komunikatiboa 2020ra ekarri eta honen birformulazioaren mesedetan», azaldu dute.

Modu honetan, proiektu berri bat aurreikusten da. Hausnarketa hauen inguruan hitz egiteko mahaingurua antolatu dute Gasteizen ostegunerako, otsailak 27. Bertan 2020ko komunikazioari, gazte ahotsaren bilakaerari eta aurrera begirako erronkei buruz hausnartzeko tartea hartuko dute, NAIZeko Ion Telleria eta Maider Galardi, Igor Goikolea eta Garazi Conderekin batera.

«Bidean, abiapuntura itzuli beharra dago sarri, berriro ere bideari ekiteko», azaldu dute. «Big bangean bezala, gure indar eta ilusio guztiak puntu batean biltzera goaz, materia metatzera. Eta emango du hutsik dagoela espazioa, baina momentu batean eztanda berriak berreraikiko du unibertsoa, eta birsortuko da gazte mundua».

Agur esan aurretik, eskerrak eman nahi izan dizkiete urte luze hauetan Topaturekin elkarlanean jardun duten komunikabide guztiei, baita Topatura gerturatu den orori ere.