Bizkaiko etxez etxeko langileek «hitzarmen berria» eskatu dute haien «prekarietatea» zuzentzeko

Bizkaiko Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko langileek Euskadiko Udalen Elkartearen (EUDEL) egoitzaren aurrean elkarretaratzea egin dute ostegunean, eta, ondoren, Bilboko Udalera joan dira, ohiko Osoko Bilkurara, langileen «prekarietate-egoera zuzenduko duen hitzarmen berri bat» eskatzeko.

NAIZ|27/02/2020
Etxeko_langileak_bizkaia
Etxez etxeko langileek protesta egin dute Eudelen egoitzaren aurrean. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU)

ELA sindikatuko ordezkari batek adierazi duenez, enplegatuak «etxeko langileentzako hitzarmen berri baten alde» ari dira borrokan, azkena 2015. urtean amaitu baitzen «eta ordutik ez da berritu, eta langileek duela zazpi edo zortzi urteko baldintza berberak izaten jarraitzen dute, soldatak izoztuta, segurtasun eta osasun neurririk gabe edo lanaldietan alde handirik gabe».

Horregatik, esan duenez, langileek pairatzen dituzten egoera «prekarioak» zuzentzeko hitzarmena eskatzen dute. Bizkaian 1.200 langile dira sektorean, eta 10.000 erabiltzaile inguru artatzen dituzte.

Alde horretatik, esan du arreta jasotzen duten erabiltzaileen kopurua «oso handia» dela, nahiz eta ematen den zerbitzua «ikusezin samarra», lana erabiltzaileen etxeetan egiten delako. Esan duenez, mendekotasun-egoeran dauden pertsona askori eskaintzen zaie zerbitzua, eta askorentzat zaharren «egoitza-zerbitzura joatearen edo etxean bizitzen jarraitu ahal izatearen arteko aldea» da.

Hala, sektoreko patronalei eta instituzioei eskatzen diete zerbitzuari «benetan duen garrantzia» eman diezaiotela, eta sektorean nahiz langileen lan-baldintzetan inbertitzeko.

40 egunetik gora

ELAko ordezkariak ziurtatu du etxeko langileen gatazka duela bi urte baino gehiago hasi zela, eta 40 greba egun baino gehiago egin dituztela ordutik. Adierazi du, halaber, azken negoziazio-mahaia joan den irailean izan zela, eta «patronalak esku hutsik» joan zirela bertara, «inolako hobekuntzarik gabeko hitzarmen bat planteatuta». Esan duenez, «negoziazioa blokeatuta dago» eta ez da beste bilerarik egin.

Udalen jarrerari dagokionez, argitu du «zerbitzuaren arduradunak» direla, eta mozioak onartu dituztela «agirietan eduki batzuk sartzeko konpromisoa» hartuz, baina «lizitazioetan ez dira jaso».

Hori dela eta, goizeko hamarretan hasi den martxa Bilboko Udaletxean amaitu da, «onartutako eta bete gabeko mozioak gogorarazi» eta bete daitezela eskatzeko.

Bestalde, ELAko ordezkariak ziurtatu du instituzioek ezarritako «gutxieneko zerbitzuak oso zabalak direla» eta mendekotasuneko bi eta hiru graduei eragiten dietela. Hori dela eta, greba egin nahi duten langile asko ezin dira mobilizaziora batu, «gutxieneko zerbitzuak bete behar dituztelako».

 

 

YOGA
Mikel TROITIÑO - FOKU
Loading player...


Konfinamendu egoerarako yoga ariketa batzuk proposatu ditu NAIZek, Mikel Troitiño Berasategiren eskutik. Grabaketa Foku agentziak egin du.

[Bigarren saioa: ‘Airea’]

[Hirugarren saioa: ‘Ura’]

[Laugarren saioa: ‘Lurra’]