Nagore BELASTEGI
Donostia

Patxuko Nice taldeak puzzlea osatzen duen laugarren diskoa kaleratu du, ‘Quim-en marrazkia’

Lagun artean sortu zen Patxuko Nice, eta lagun artean sortu dute euren musika, sorkuntzari inolako mugarik jarri gabe. Raggae, rock, ska eta pop doinuak nahasten dira Quim Moya pintorearen koadroa azalean daraman laugarren diskoan, etapa baten azkena.

‘Quim-en marrazkia’ Donostian aurkeztu dute gaur goizean. (Andoni CANELLADA / FOKU)
‘Quim-en marrazkia’ Donostian aurkeztu dute gaur goizean. (Andoni CANELLADA / FOKU)

Ilusioz eta maitasunez garatutako proiektua da Patxuko Nice, oraingoan ‘Quim-en marrazkia’ lanarekin datozenak. Lagun artean sortu zen taldea, eta 7 urteren bueltan lagun artean jarraitzen dute. 2006an, Sergio Ordoñez ‘Patxuko’k eta Jon Mari Beasainek beste talde batzuetan jotzen zutela, Quim Moya pintorea gonbidatu zuten eszenatokira zuzenean koadro bat pintatu zezan. Hura izan zen gerora euren ibilbide profesionalak garatuko zuen hazia.

Esne Beltza, The Solanos edo Joxe Ripiau bezalako taldetan ibili ostean, euren talde propioa sortzea erabaki zuten 2012an, askatasun osoz musika sortzeko asmoz. Hala, soinu «eklektikoak» atera zitzaizkien, reggae, pop, rock eta skatik pixka bat dutenak, eta 80ko hamarkadaren eragina dutenak. Baga-Biga disketxeko editorea den Ritxi Aizpuruk, gainera, esan du gitarrek Itoiz taldea gogorarazten dutela.

Moyak egindako koadro hura lautan zatitu eta zati bakoitza disko baten azala janzteko erabiltzea erabaki zuten, eta gaur aurkeztu duten lanarekin osatu dute puzzlea. «Beldurra genuen gure musika oso eklektikoa izango ote zen, baina azken disko hau lasaiago egin dugu. Pixkanaka ari gara publikoarekin konektatzen. Itoizek erabiltzen zuen anplifikadore mota berdina erabili dugu, eta harritu egin ginen Ritxik esan zigunean gitarrek Itoizen antza zutela», aipatu du Patxuko abeslariak.

Beasainen ardura da gitarretako bat, baita koroak eta teklatuak ere. «Anplifikadorearekin hasi nintzen probatzen eta nik uste dut beti soinu hortara joaten naizela», azaldu du. «Ilusioak mugitzen gaitu gauzak egitera», esan du taldekideak diren Eneko Fernandez bateria, Ibai Larralde gitarra eta Alejando Terrones baxuaz aparte, bidai honetan kide izan dituzten gainontzeko pertsonak oroituz.

Lagun horietako bat da Quim Moya, Kataluniatik Donostiara diskoa aurkeztera espreski gerturatu dena. «Koadroa zuzenean pintatu zen egunean denak zeuden –esan du Patxuko Niceko kideei zein publikoan zeuden Oskar Benas, Ernesto Villar eta Pello Gorrotxategi lagunei erreferentzia eginez–, eta egun hartan nire intentzio bakarra zen gure lengoaiak eta laguntasuna elkarbanatzea. Zuzenean pintatzen nuen lehen aldia zen, eta gerora nire irteera profesionala izan da jada hamar urte eman ditudalako zuzenean pintatzen mundu osoko artistekin», azaldu du.

Beti eszenatokiaren atzean edo publiko artean egon zen, eta egun hartan lagunekin elkartzeko aukera izan zuen. «Esentzia, kreatibitate, emozio eta laguntasun lengoaia bat da», azpimarratu du.

Kanten hizkiak egiteko Oier Guillanekin jarri ziren harremanetan, eta honek bi abesti idatzi zituen. Horrez gain, ezezagunagoak diren bestelako idazlek ere parte hartu dute diskoan, hala nola Raul Artieda eta Amagoia Gomez.