oihane larretxea
DONOSTIA

Igartza saria irabazi ostean, Erika Elizarik ‘Zendabalitz’ argitaratu du

Parisko Charles de Gaulle aireportutik Loiurako bidea hartu du hegazkinak; barruan, bidaiariak, nor bere pentsamenduetan murgilduta. Burutazio horiek eta bakarrizketak dira, hain zuzen, ‘Zendabalitz’ lanaren hari nagusia. Hegaldia aitzakia baino ez da zazpi pertsonaien gorabehera intimoenetaz hitzegiteko. Erika Elizarik helduentzat idatzi duen lehen lana da.

Erika Elizari idazlea, helduentzat idatzi duen lehen lanarekin. (Andoni CANELLADA I FOKU)
Erika Elizari idazlea, helduentzat idatzi duen lehen lanarekin. (Andoni CANELLADA I FOKU)

«Gehiegi pentsatzeari buruz» idatzi nahi zuen Erika Elizarik (Hernani, 1988). Zenbat buelta ematen dizkiogun gauzei, zenbat pentsamendu eta burutazio ditugun barrenean, jira eta bira. Hari horretatik tira egin eta liburuaren lagina edo hezur-mamia aurkeztu zuen orain bi urte Igartza Sarira, XXI. ediziora; baita irabazi ere. Lanketa eta idazketa prozesua amaituta, asteazken honetan aurkeztu du helduentzat idatzi duen lehen lana: ‘Zendabalitz’ (Elkar).

Hegazkin baten hegaldia da eszenatokia eta pertsonaiak bidaiarietako batzuk. Parisko Charles de Gaulle aireportutik Loiura doa. Bidaiak irauten duen bitartean sartuko gaitu idazleak haien burutazioetan, bakarrizketa intimoenetan. Nork ez ditu? «Hegazkina aitzakia baino ez zen niretzat muina planteatzeko: gehiegi pentsatzeari buruz idatzi nahi nuen», azaldu du aurkezpenean, Donostian.

«Hegaldi gorabeheratsu baten kronika» gisa aurkeztu du eleberria. Ehun bidaiari doaz espazio itxi eta mugatuan, baina hernaniarrak fokua zazpirengan jarriko du: Elene, Paule, Gabriel, Xabier pilotua, Malox, Sukaina eta Enara dira protagonistak. Haien artean harremanik ez dago, baina badaude loturak, zeren trama ez da atalka edo pertsonaika planteatu, dena, azkenean, kateatuta doa. Modu kronologikoan kontatu du; zehatz, unean zein ordu den jakingo du irakurleak.

Izaro musikariaren aipu batekin abiatzen du eleberria. «Sinistu nahi dut denok dugula errotuta kaosa, hura maitatzen ikastea ote bizi honetan poza?». «Ideia horrek oso ondo biltzen du kontatu nahi nuena, neuk ere kristoren gatazkak ditut nire buruarekin eta ni naiz gauzei bueltaka aritzen den lehenengoa», aitortu du.

Bidaiariak, pertsonaiak

Pertsonaiekin aniztasuna bilatu du. Genero zein ofizio aldetik barietatea dago, eta horri bakoitzak bizi duen egoera pertsonala eransten zaio. Elene, adibidez, neska gazte bat da, itxuraz bere buruaz oso ziur dagoen emakumea, nahiz egia beste bat izan. Hegaldi berean bidaian doa Gabriel: 52 urterekin aurrejubilatu da banketxe zuzendari ohia eta marmarka dabil, ozpinduta, bizitza lanari eskaini ondoren. Arazoak ez dira txikiagoak Paulerentzat. Parisera bidaia egin du lan elkarrizketa bat egitera eta orain egun gutxi testak haurdun dagoela esan dio. Ezin sinetsita, haurrak eta lanak ezbairik gabe etorkizun berria irudikatzen diote.

Xabier pilotua da, eta Enara enpresaria. Ez du lanagatik bidaiatu, plazer hutsagatik baino, nahiz etxean ez duen egia kontatu. «Gezurraren eta sekretuaren arteko distantziak sortzen dituen arazoak interesatzen zaizkit», adierazi du Elizarik. Enarak, beste askok bezala, konpartitzen ez dituen arazoak ditu. Malox ere ez da garai onak igarotzen ari. Orain bi urte galdu zuen senarra eta depresioak jota, buelta ezin emanda dabil. Sukainak ixten du pertsonaia bilduma. Elene ez bezala, bere buruaz oso seguru dagoen emakumea da.

Ez dago tragediarik ez dramarik ‘Zendabalitz’ liburuan. Komedia baliatu du arazoei pisua kentzeko, egoerak eramanagarriak egiteko. Eta bukaera… oso pozik gelditu da idazlea emaitzarekin. Ezin gehiago erantsi.

Ikus-entzunezko Komunikazioan lizentziaduna, Erika Elizarik helduentzat idatzi duen lehen lana da honakoa, lehenago ipuin klasikoen moldaketak egin ditu. Bideogintzak aurrekonturik ezean dituen mugak ikusita, idazketan topatu du Elizarik irudimenari, istorio propioei bide emateko modua. Ez die lan berriei aterik ixten, liburu gehiago etorri litezke eta baditu «hainbat ideia» hozkailuan, onartu duenez. Baina epe motzean baztertzen ez duena ‘Zendabalitz’ antzerkiratzeko egokitzapena egitea da, zeren baditu horretarako aukerak. «Ahalegina egiteko asmoa dut», esan du.

Igartza Sariei dagokionez, esan dutenez, irekita dago XXIII. edizioa eta lanak aurkezteko epea ekainean itxiko da. Iaz, XXII. edizioa, Irati Goikoetxea beasaindarrak irabazi zuen eta eleberria datorren urtean aurkeztuko du.