NAIZ
PARIS

Oposizioaren bi zentsura mozioak saihestu ditu Emmanuel Macronen erretreten erreformak

Emmanuel Macronen Gobernuaren erretreten aurkako erreformaren tramitazioak aurrera jarraitzen du, oposizioko alderdien bi zentsura mozioak saihestuta. Dekretu bidez Legebiltzarraren oztopoa gaindituta, testua Senatura pasako da, atzera Asanblea Nazionalera itzuli aurretik.

Milaka lagun kalera atera ziren Parisen Asanblea Nazionalean mozioak eztabaidatzen zituzten bitartean. (Bertrand GUAY/AFP)
Milaka lagun kalera atera ziren Parisen Asanblea Nazionalean mozioak eztabaidatzen zituzten bitartean. (Bertrand GUAY/AFP)

Frantziar Gobernuak bultzatutako pentsioen erreformaren tramitazioak aurrera jarraitzen du gorteetan, Asanblea Nazionalaren lehen irakurketa saihestuta eta oposizioak aurkezutako bi zentsura mozioak gaindituta.

Edouard Philippe lehen ministroak joan zen larunbatean iragarri zuen Gobernuak Konstituzioaren 49.3 artikulua baliatuko zuela erretreten erreforma dekretu bidez onartzeko, Asanblea Nazionalean bozketa ekiditeko. Erabili zuen argudioa izan zen oposizioko alderdiak «nahita oztopoak» jartzen ari zirela, erreformaren onarpena atzeratzeko, lege-proiektuak dituen 65 artikuluetatik bat besterik ez zela aztertu eta 29.000 zuzenketa baino gehiago geratzen zirela eztabaidatzeko.

Horren ondotik, eskuineko eta ezkerreko oposizioko alderdiek zentsura mozio bana iragarri zuten, 49.3 artikuluaren aplikazio automatikoa saihesteko.

Eskuinaren mozioak 148 boto eskuratu zituen astearte gauean egin zen bozketan, eta ezkerrekoarenak, aldiz, 91 boto.

Gobernuaren baitan denek ez dute begi onez ikusi ere pentsioen erreforma dekretuz onartzeko aipatu artikulua baliatzea eta kontrako iritziak sortu ditu LREM Macronen alderdian, hiru diputaturen desertzioa eta guzti.

Asanblea Nazionalean zentsura mozioak eztabaidatzen ari ziren bitartean, milaka lagunek manifestazioa egin zuten Parisen, sindikatuek deituta.

Lehen ministroak berriro salatu zuen legebiltzarkideen lana «ezinezkoa» bihurtu dela oposizioko alderdien «prozedurazko trikimailuengatik» eta «gutxiengo batek eztabaida sistematikoki blokeatzen duelako».

Eztabaidak eztabaida, pentsioen erreformak lehen irakurketa gainditu du Asanblea Nazionalean automatikoki, zentsura mozioek porrot egin ostean. Orain lege-proiektua Senatura pasako da lehen irakurketan –oposizio kontserbadoreak gehiengoa du–, eta atzera berriz Asanbleara itzuliko da. Ikusi beharko da hemen berriro Gobernuak aipatu artikulua baliatzen duen.

Konstituzioaren 49.3 artikulua 2016an erabili zuen azken aldiz frantziar Gobernuak, Manuel Valls orduko lehen ministroaren lan ereforma polemikoa onartzeko.