IDOIA ERASO

Telekultura: koronabirusarekin ere, artea gure artean

Egungo gizartea urrundik elkarrekin harremanetan egoteko prest dago: telefonoa, telebista… azken egunotan etxe askotara heldu da telelana ere. Bide horretan kultura ez da atzean gelditu, eta etxeko konfinamendutik telekultura ari da garatzen. Bide ezberdinak atzeman dituzte artistek: bideoak, zuzeneko kontzertuak… Biztanleak parte hartzera gonbidatzen dituzten ekimenak ere geroz eta ugariagoak dira, aurrez aurre zein internetez.

Musikari bat bere leihotik jotzen Iruñean. (Iñigo URIZ)
Musikari bat bere leihotik jotzen Iruñean. (Iñigo URIZ)

Euskal Herrian konfinamendua abiatu baino lehen, italiarrak balkoietatik kantari eta musika jotzen ikusi genituen sare sozialen bitartez. Garaian hain urrun gelditzen zitzaizkigun egoerak gure artean ohiko bilakatu dira orain. Balkoitik elkarrekin ‘Txoria txori’ kantatzeko izan zen lehen hitzorduetako bat eta, geroztik, anitz ugaritu dira.

Balkoitik balkoira edo internetez itxaropena zabaltzen duten momentuak ari dira partekatzen, ikusle gisara edota parte hartzaile bezala. Hamarnaka hasi ziren, eta denborarekin ehunka, milaka eta milioika dira telekultura momentuak.

Emanaldiak zuzenean

Kontzertuak internetez zuzenean ematen dituzten musikarien kopurua geroz eta handiagoa da. Xabi Bandinik, adibidez, atzo eskaini zuen kontzertua; muga teknikoak zirela eta grabatuta ezarri zuen YouTuben, baina tenore horretan Instagramen egon zen, jendearekin momentu hori partekatzeko.

Muga teknikoek ere Zea Maysek martxoaren 15ean eman zuen zuzeneko kontzertuan arazo txiki batzuk sortu zituzten. Orduko zailtasunak pairatu zituzten kantuak errepikatu eta momentu berriak partekatzeko, kontzertua eskainiko dute gaur Instagramen 19.30etan.

Instagram da baita ere Alex Sarduik bertsotan agertzeko baliatu duen bidea. Gatibu taldearen kontuan, berrogeialdiaren ondorioez kantatzen agertzen da. Bide horretan, bertsoikasgela.eus-en, ‘Etxean gaudenoi’ jarri dute sarean Iñaki Gurrutxaga eta Maialen Arzallusek, lehenaren hitzekin bigarrenak kantatuz. 

Bihar bertsozaleek zuzeneko tele-saio bat ikusteko parada ere izanen dute. Julio Soto, Aitor Sarriegi, Aitor Mendiluze eta Jone Uria ariko baitira, Unai Elizasu gai jartzaile dituelarik (lortura hemen). Ikusle izateaz gain, sortzaile ere bilakatu ditu Aimar Karrikak Ipar Euskal Herriko bertso eskoletako ikasleak. Gai jartzaile gisara, bertsotan jarri ditu gazteak whatsapp bidez.

Zaharrak berri

Beste batzuk jada egindako lana denen eskura emateko desmartxak abiatu dituzte, Fermin Muguruza kasu, zeina bere diskoak eta dokumentalak igotzen ari den bere YouTube kanalean.

Balkoitik balkoira musika zuzenean egiten duten artistak ere badira eta, haien etxetik hurbil bizi ez garekin, sare sozialen bidez bizi ditzakegu une horiek. Esaterako, Whatsapp bidez zabaltzen ari den bideo batean Begoña Alberdi sopranoa Bartzelonako bere etxetik auzokoei kantatzen ageri da.

Euskal Herriko zenbait erakunde eta museo ere ari dira dinamika horren parte bilakatzen, eta horretarako denon eskuragarri jarri dituzte bisitaldi birtualak. Donostiako DKultura, San Telmo museoa, Tabakalera, Bilboko Euskal Museoa eta Itsasmuseum dira horietako batzuk.

Parte hartuz, kultura sortuz

Hartzaile izatetik parte hartzaile izateko bidea ematen ari diren elkarte, eskola, musika talde, artista… kopurua ere ugaritzen ari da. Baionan Kantuz elkarteko kideak hilabetero behin elkartzen dira hiriko karriketan euskal kantak abesteko. Kalera atera ezin den momentu honetan, bakoitza bere aldetik kantatzera gonbidatu ditu bai taldeko kideak, baita musikazale guztiak ere. Ariketa horretan gidari izateko, garai bateko bideoak jarri dituzte euren webgunean.

Euskal Irratiak artista profesional zein amateurrei haien lanak zabaltzeko aukera ematen ari zaie. Lau irrati biltzen dituen sareak egin ohi duen kultura programazioa segurtatzeko aukera ez dutela ikusirik, nahi duten musikari edota kantariei dei egin diete, etxean haien lanak grabatu, aurkeztu eta emailez igortzeko.

Banaka zein taldeka, elkarrekin edo bakarka etxean egindako bideo andana ari da zabaltzen. Xarma berezia daukate, norberak bere etxean egindakoa elkarrekin emanez sortzen diren bideoak. Horren erakusle da Hernaniko Musika Bandak zabaldu duen bideoa, ‘Mendirik mendi, etxetik elkarlanean’; danborraren erritmoa segituz, etxeetan dauden kideen irudi eta soinuak biltzen dira. Ideia bera oinarri hartuta, filme txikia egin du ere Bergarako Musika Bandak.

Bere aldetik, Donostiako musika eta dantza eskolak ‘Musika, familian oraindik hobe!’ izenburupean deialdia egin du Twitter bidez, ‘Donostiako hiru damatxo’ kantuaren bertsioa etxeanmusika@donostiaeskola.eus emailera igortzeko. Gomitari loturik etxean biolinak, pianoa eta gitarra eskutan kantua interpretatzen duten lau musikari agertzen dira.

Horiei beraien baitatik balkoietara ateratzen diren artista amateurrak gehitu behar zaizkie. Auzokoei kontzertu txikiak eskaintzeko asmoarekin, kantu eta musikak kaleetan zabaltzea eta besteen balkoietara heltzea dute helburu.

‘Pandemia kulturala’

Munduari begira jarrita, pandemia zabaldu den herrietan ere mota honetako ekimenak abian jarri direla ageri da. Neil Young, esateako, kontzertu txikiak ematen ari da streaming bidez. Judi Dench aktoresa eta idazle ezagunak, irria sortzea xede duen bideo txiki bat zabaldu du. Txakurrez jantzita ageri da ‘Segi barre egiten. Hori da egin dezakegun gauza bakarra’ erranez.

Ez dira artistak etxean konfinatuta dauden biztanleak kulturaren bitartez arima elikatu eta denbora pasatzen lagundu nahi duten bakarrak. Hainbat erakunde kulturalek ere beraien zerbitzuen berri zabaldu dute sareetan zehar. Batzuetan jada ikus zitezkeenak zeintzuk diren oroitaraziz, eta zenbait kasutan ordaintzekoak zirenak denen eskura jarriz.

Horrela Londoneko British Museumeko, Pariseko Louvreko, Madrilgo El Pradoko eta Florentziako Uffizi galeriako korridoreetan zehar ibil daiteke. Vienako Operako kontzertuak entzun daitezke, beti urrundik, kultura telekultura bilakatuz.