Ramon SOLA

Gorka Fraile, etxera momentuz; gainerako euskal presoak, oso egoera nahasian

Asteazkenean iragarri zuena betetzen hasi da Gobernu espainola: koronabirusaren hedapena murrizten saiatzeko, hirugarren graduan dauden presoek ez dute gauez espetxera joan beharko. Gorka Fraile, beraz, etxean da apirilaren 5a arte. Baina gainerako euskal errepresaliatuentzat trantze larriak eta kezkak biderkatzen ari dira.

Logroñoko espetxea. (Jon URBE | FOKU)
Logroñoko espetxea. (Jon URBE | FOKU)

Koronabirusak sortutako egoera bereziki kezkagarria da espetxe barruetan, jakina. Lehenengo egunetan Madrilek jada bisean bisekoak bertan behar utzi zituen, horren «truke» astero dei batzuk gehiago egiteko aukera emanez («arrunten» kasuan 10tik 15era, eta euskal preso politikoei dagokienez 8tik 12ra pasatu dira).

Estatu frantsesean ere telefono bidezko kontaktua indartu nahi du Parisek, bisitak murrizten diren bitartean. Antza, Gobernuak presoei 40 euro sartuko dizkie deiak egiteko, eta pekulioan 100 euro baino gutxiago dituztenei 100 euro emango. Ez da «oparia», jakina: Italian gertatu zenaren antzera, hainbat istilu sortu da hemen ere (Grasse, Beziers, La Sante...) eta haserrea apaldu nahi dute agintariek.

Egoerak pasa ahala, egoera nahasten ari da nonahi. Adibide adierazgarria Oscar Calabozok igandean aurkitu zuena izan zen. Hamazortzi urte preso eman ondoren, kaleratzeko orduan ezin izan zituen Kordoban senide eta lagunak izan, ez eta herrira iristean auzokideak besarkatu ere.

Bi motako egoerak ematen dira espainiar espetxeetan, NAIZek jasotako lekukotasunen arabera. Funtzionario edo presoren bat kutsaturik ageri den kartzeletan, prebentzio neurri batzuk jarri dituzte, baina horien artean presoen kalterako doana ere sartzen da, zenbait tokitan lokutorietako bisitak ere eragotzi dituztelako.

Covid-19aren arrastorik izan ez den espetxeetan, ordea, ez da arreta berezirik jartzen ari. Beraz, presoak jantokietan edo patioan orain arte bezala daude, katxeoak berdin egiten dizkiete, funtzionarioak eskularrurik gabe ari dira askotan, ez da kontrol mediku berezirik jarri...

Sevillako egoera nabarmendu daiteke, txarrerako. Hasteko, espetxean sendagile bakarra dagoelako, lehen hiru ziren arren. Orain arte jada bi astez zain egon behar zuten presoek kontsulta lortzeko, eta koronabirusaren arriskuak biderkatu du beharra, gabezia nabariagoa eginez. Gainera, eskutitzik ez dutela jasoko jakinarazi diete Andaluziako hiriburuko kartzelan diren euskal presoei; posta zerbitzua etenda dago Estatuko toki askotan.

Testinguru honetan, preso batzuek ziegan gelditzeko eskaera egin dute, patiora atera gabe. Eta dauden espetxean oraindik gaixotasuna agertu ez bada ere, etengabe sartu eta atera ari diren funtzionario, poliziakide eta abarren eskutik Covid-19a edozein unetan ager daitekeela ohartarazi dute.

Honengatik, hain zuzen ere, iragarri zuen Estatu espainoleko Espetxe Zuzendaritzak hirugarren graduan diren presoek ez zutela espetxe edo CISetara astean zehar lotara joan beharko. Asteazkenean erabaki zuen, eta neurria jada gauzatu da egoera horretan den EPPK-ko kide bakarraren kasuan. Gorka Fraile etxera bidali dute, apirilaren 5a arte behintzat. Iruñean ari da zigorra betetzen.

Txanponaren beste aldean dira bigarren graduan egonda tarteka kalera ateratzeko baimenak (lau eta sei egunetakoak) lortzen ari ziren euskal presoak. Koronabirusari aurre egitea argudiatuta, bertan behera geratu dira baimen hauek, bai eta edozein irteera kultural ere.

Kartzelan den egoeraren adibide latza heldu da gaur Madrilgo Estremeratik: 78 urteko preso bat, emakumea, ospitalean hil da, barruan gaixotu ondoren. Euskal preso bat bada bertan, emakumezkoen moduluan (Itziar Alberdi), eta hiru gizonezkoetan (Juan Jose Narvaez, Angel Telleria eta Antton Troitiño).