Naiz

Huhezinema jaialdia hasi da internet bidezko plataforma desberdinen bidez

Mondragon Unibertsitateko Ikus-entzunezko Komunikazioko Graduko ikasleak euren film laburrekin lehiatuko dira. Horrez gain, hitzaldi bat, film luze bat, masterclass bat eta zuzeneko musika prestatu dituzte. Aurreko edizioetako filmen hautaketa bat ere ikusi ahalko da.

‘Napardeath’ gaur iluntzean ikusi ahalko da. (NAIZ)
‘Napardeath’ gaur iluntzean ikusi ahalko da. (NAIZ)

Aurtengo Aretxabaletako Huhezinema jaialdiko egitarau osoa presentziala izatea espero zen, baina ez denez posible izan, internet bidez aurrera eramatea erabaki dute.

Zortzigarren edizio hau gaur hasi da eta ostiralera arte luzatuko da. Hitzaldiak, zozketak eta, nola ez, pelikulak osatuko dute jaialdia. Egitaraua plataforma desberdinetan jarraitu daitezke: Twithc, Youtube eta Instagram

Asteazken honetan 17.00etan Mursego musikari eibartarraren hitzaldiarekin hasi da Huhezinema. 20.30etan ‘Napardeath’, ‘Ataun of the dead’ trilogiaren azken zatia, eskainiko dute. Gauean, 22.00etan, beldurrezko eta fantasiazko film laburrak eskainiko dituzte (jaialdiko aurreko edizioetako hautaketa eta Donostiako Beldur Asteko harribitxiak).

Ostegun goizetik hasiko dira, 11.30etan. Orduan Mondragon Unibertsitateko Ikus-entzunezko Komunikazioa Graduko ikasleek egindako laburrak eskainiko dituzte eta ikusleek gehien gustatu zaiena bozkatu ahalko dute. Arratsaldean, 17.00etan, Paul Urkijo zuzendariak (‘Errementari’) masterclass bat eskainiko du bere sormen prozesuari buruz. Jarraian Idoia Begiagak zuzeneko kontzertua eskainiko du Instagramen, eta gero goizeko MUko ikasleen saioa errepikatuko dute.

Ostiralean, 17.00etan film finalistak eskainiko dituzte eta, berriro, ikusleek bozkatu beharko dute. 20:00etan sariak banatuko dituzte eta jarraian Instagramen itxiera ospatzeko DJ AZGaubelak musina emanaldia eskainiko du.

Filmak nola boztatu behar diren streaminga hasi aurretik azalduko dute, eta egitarauan aldaketarik balego, sare sozialen bitartez emango dute berri.