NAIZ

Baserritarren produktuak bildu eta merkaturatzeko zerbitzua sortuko dute Gipuzkoan

Covid-19ren eraginaren aurrean ekoizleei beste aukera bat eskaintzeko asmoz sortuko dute zerbitzu berria Lakuako Gobernuak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, HAZI Fundazio Publikoaren bidez. Gipuzkoan hasiko dira eta martxoaren 30eko asterako martxan izatea espero dute.

Joan den martxoaren 18ko Ordiziako azoka berezia. (Jon URBE/FOKU)
Joan den martxoaren 18ko Ordiziako azoka berezia. (Jon URBE/FOKU)

HAZI Fundazio Publikoaren bidez, Lakuako Gobernuak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak azoketan saltzen duten baserritarrentzako produktuen bilketa eta merkaturatze zerbitzu bat jarriko dute martxan.

Produktuak merkaturatzen laguntzea da ekimenaren helburu nagusia, ekoizleen zein bezeroen osasuna bermatuz. Gipuzkoan jarriko da ekimena martxan lehenik eta behin, eta espero da martxoaren 30eko asterako indarrean izatea bertan. Hala iragarri dute ostegun honetan Lakuak eta Foru Aldundiak, sektoreko eragileekin Covid-19aren ondorioei aurre egiteko izan duten lan bileran.

Zerbitzuaren antolaketa oso konplexua denez, lan hauetan esperientzia duen Lurrarte Baserriko Uzta enpresaren laguntza izango dute. Lurrartek HAZI eta Landa Garapen Elkarteetako teknikariekin batera egituratuko du zerbitzua, azokak antolatzen dituzten hiri eta herrietako udal arduradunekin elkarlanean.

Baldintzak, bilduko diren produktuak, beharrezko logistikaren ezaugarriak, prezioak eta abar argitzeko baserritarrek 943693074 telefonora deitu ahal izango dute, astelehenetik ostiralera 8.00etatik 14.30era, edota 688643670 telefonoko whatsapp-era idatzi.

Kaltea arintzea helburu

Covid-19aren birusa lehen sektoreko zuzeneko salmentan izaten ari den eragina arintzea da helburua. Izan ere, pandemiaren aurrean, salbuetsitako merkataritza-establezimenduetatik kanpo elikagaiak saltzea saihesteko gomendioa eman zuen Lakuako Osasun sailak. Eta gomendio hori betetzeak azoketara produktuak eramaten dituzten baserritarren saltzeko aukera bertan behera uztea dakar.

Zerbitzu berriarekin, beste aukera bat eskaini nahi dute, «gure baserritarren produktuak ez daitezen irtenbiderik gabe geratu, eta gure kontsumitzaileek produktu horiek kontsumitzeko aukera izan dezaten».

Lakuak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak sektoreko hainbat eragilerekin partekatu dituzte zerbitzuaren nondik norakoak, foru jauregian egindako lan bileran. Bertan ordezkatuak egon dira, besteak beste, ENBA eta EHNE sindikatuak, Abelur eta Lurgintza Gestio Zentroak, GEBE Baso Elkartea, Gilbe Gipuzkoako Barazkigile Elkartea eta Urkaiko eta Kaiku kooperatibak.