«Bitartean, Etxetik Ikasten» irakaskuntza indartzeko hezkuntza saio berria, ETB3n

Datorren astelehenetik aurrera, batez ere etxean euskarri teknologikorik ez duten ikasleei zuzenduriko telebista saioa eskainiko du ETB3k, 9.00etatik 12.00etara. Edukiak Lehen Hezkuntzako ikasle guztientzat izango dira, 1. eta 4. maila bitarteko neska-mutilentzat bereziki.

NAIZ|26/03/2020
Programa
ETB3tik irakaskuntza programa berria jarriko da martxan. (EITB.EUS)

Lakuako Hezkuntza Saila eta EiTBk datorren astelehenetik (martxoak 30) aurrera «Bitartean, Etxetik Ikasten» irakaskuntza saio berria martxan jarriko dute. Goizero, 9.00etatik 12.00etara, etxean euskarri teknologikorik ez duten ikasleei hezkuntza prozesua errazten lagunduko dien programa eskainiko du ETB3 katearen bitartez.

Edukiak Lehen Hezkuntzako ikasle guztientzat izango dira, baina, batez ere, etapa horretako 1. eta 4. maila bitarteko neska-mutilentzat. Telebista saio hau euskaraz eskainiko da, eta dagozkien curriculumei lotutako edukiak bilduko ditu. Basurto ikastetxe publikotik burutuko dira saioak, egunero, 9.00etatik 12.00ak bitartean, 30 minutuko piluletan, maila bakoitzari dagozkion materiak landuz.

Era berean, Hezkuntza Sailaren zein EiTBren asmoa «Bitartean, Etxetik Ikasten» saioa interaktibo bihurtzea da. Era horretan, ikasleek euren galderak, zalantzak edo iradokizunak luzatu ahal izango dituzte, eta hauen erantzunak programan zehar edo hurrengo emankizunetan eman ahal izango dira.

Atalak eta gaiak

Egunero, «Bitartean, Etxetik Ikasten» saioa «Aldaba» izeneko tartearekin irekiko da: irakasleak etxeetatik jasotako feedbacka partekatzeko unea; hau da, jasotako argazkiak, audioak, kezkak eta galderak erantzuteko momentua. Programan ikasleen interakzioa bilatu nahi da. Horretarako, irakasleek haurrei gonbidapena luzatuko die beraien galderak bidaltzeko, eta hurrengo saioetan galdera horiei erantzungo zaie.

Egunean hiru orduko eskola hauetan denetariko gaiak jorratu dira. «Irakurketarekin goxatzen» atalean, egunero, ordu laurden bat eskainiko diote irakurketaren ulermenari, testu ezberdinak oinarri hartuta. Euskara «Hitzak jolasean» tartean landuko da. Ahozkotasunak izango du lehentasuna (hitz jolasak, aho korapiloak, ikerketa proposamenak, errezetak, komikiak, ipuinak, bitxikeriak...), idatzizko adierazpena ahaztu gabe. «Mugi-mugi» atalak itxialdian gauden bitartean gorputzaren lanketarako ariketak proposatuko ditu.

«Hari-mataza» tartean matematikaren txanda izango da: buruketak, mahai-jolasak, jolas matematikoak, matematikaren eragina egunerokotasunean, buruzko kalkulurako estrategiak, abakoen erabilera, bitxikeria matematikoak, eragiketak egiteko estrategiak... «English corner»-ean, berriz, ingelesaren irakaskuntzara hurbilduko ditu ikus-entzule gazteak (errutina, hiztegia, irakurketa, olerkiak, marrazki bizidunak edo ta albiste laburrak), beti ere ikusteko euskarriaz lagunduta.

Gizarte Zientziak landuko dira «Munduaren birak» atalean, eta bertan zuhaitz genealogikoaz eta norberaren bizitzaren kronogramaz jardungo dute, esaterako. «Zientzia Edonon» sailak, berriz, honako gaiak jorratuko ditu: metodo zientifikoaren erabilera egunerokotasunean, esperimentazioa eta, oro har, zientziari buruzko dokumentalak ere erakutsiko dira. Teknologia konpetentziari eskainitako denboran, modu errazean, jolasen bidez eraikitzea sustatuko da.

Musikak izango du, berebat, bere lekua. «Ttakun Ttakun» atalean musika adierazpena, dantzak, perkusio jolasak eta erritmoak landuko dira. Eta azkenik, «Bitakora»-k egingo du egunaren itxiera, zer ikasi den errepasatuz eta ikusleak gune interaktiboan parte hartzera gonbidatuz.

Hau guztia, ETB3n eta eitb.eus-en eskaintzeaz gain, Hiru3ko euskarri digitaletan ere jasotzerik izango da (webgunean, APPan, HBBTV eta Smart TV zerbitzuetan).

 

NAIZ
Loading player...


KONPROMISOA, ERANTZUKIZUNA, ZORROZTASUNA

 

Elene CARRETO - FOKU
Loading player...


Konfinamenduaren erronketako bat da geure buruak eta gorputzak zaintzea. Bide horretan, martxoaren 30etik aurrera, NAIZek zumba saioak eskainiko ditu egunero, astelehenetik ostiralera, Elene Carreto dantzari durangarraren eskutik.