Amaia U. Lasagabaster

Nahikari Garcia: «Kirolarioi lehiatzea gustatzen zaigu baina egoera honetan zaila da zer egin behar den erabakitzea»

Realeko kapitainak denboraldi konplikatua bizitzen ari dela onartu du «baina ikasteko balio izatea» espero du.

Nahikari Garcíak bere etxetik hitzegin du zaletu eta kazetariekin. (Naiz)
Nahikari Garcíak bere etxetik hitzegin du zaletu eta kazetariekin. (Naiz)

Nahikari Garciak kazetariek eta zaletuek egindako galderei erantzun die gaur bere etxetik. Realeko kapitainak denboraldiari, mundua bizitzen ari den egoerari eta etorkizunak ekar dezakenari buruz hitzegin du.

Ildo honetan, eta futbolaria izanez, lehiaketekin zer gertatuko den jakitea bereziki interesatzen zaio. Baina, onartu duenez, erabaki zaila izateaz gain, goizegi izan daiteke denboraldiaren amaierarekin zer gertatuko den aurreratzeko. «Egoera konplikatua da eta, ondorioz, zaila da esatea komenigarriena lehiaketa berreskuratzea edo denboraldia dagoen bezela lagatzea bada. Nire ustetan itxaron behar dugu oraindik, egoera noiz arte luzatzen den ikusi arte, edozer erabakitzeko. Ikuspegi zabalagoa, osoa, behar da erabaki hori hartzeko». Nahikariren esanetan, «kirolarioi jokatzea eta lehiatzea gustatzen zaigu, eta gauzak zelaian erabakitzea nahiago dugu. Baina argi daukatu egoera konplikatua dela, erabakiak hartu beharko direla eta gu moldatu beharko gara».

Egoera honetara iritsi aurretik ere, denboraldia «zaila» izan dela adierazi du zuri-urdinak. «Beharbada zailena Realera heldu nintzenetik, kirol mailan zein pertsonalki. Lesio asko izan ditut, guztiz gustora egotea asko kostatu zait. Eta denboraldia ez da izan guztiz espero genuena. Gure uneak izan ditugu, gauza onak egin ditugu baina arraroa izan da, gorabeheratsua. Baina denetaz ikasten da, denetaz atera daitezke irakurketa positiboak eta ziur nago denboraldi hau ikasteko balio izango zaidala ere. Horregin geratzen naiz».

Gaurkotasunera itzuliz, urnietarrak «aldagela faltan botatzen» ari dela aitortu du. «Taldekideengatik, oso arraroa egiten zaidalako hainbeste denboran ikusi barik egotea, kontatuan jarraitzen dugun arren. Eta aldagelan daukagun giroagatik, barreak, egun txar batekin heldu eta jendea zain eukitzea irrifarre bat ateratzeko… Gauza guzti horiek askoz gehiago baloratzen ditugu ez dauzkagunean».

Futbolean jokatzeaz gain, aurrelari gipuzkoarra Medikuntzako ikaslea da. 3.mailan dagoenez, ezin du nahiko luken bezela lagundu, «oraindik ez dauzkadalako beharrezko gaitasunak baina noski gustatuko litzaidakela lagundu ahal izatea. Azken finean, ikasketa hauek aukeratu banituen jendea laguntzea gustatzen zaidalako da. Are gehiago egingo nuke une konplikatu hauetan, eskuen beharra itzela dagoela. Prest nago edozein laguntza emateko».