Antzerkiaren Nazioarteko Egunean, bere gaitasun eraldatzailea aldarri

Antzerkiaren Nazioarteko Eguna omentzen da ostiral honetan eta, urtero legez, mundu mailako antzerkigile batek manifestu bat idatzi du. Pakistango Shahid Nadeem giza eskubideen aktibistak sinatu du aurten; axolagabekeriaren mundu honetan, gizateria suspertzeko antzerkiak duen gaitasuna aldarrikatu du, «amildegi batean erori baino lehen zutitzen laguntzea» baita antzerkiaren egitekoa.

NAIZ|DONOSTIA|27/03/2020
Antzerkia
‘Simplicissimus Kabaret’ antzezlana. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Antzerkilaria izateaz gain, giza eskubideen aldeko militantea da Shahid Nadeem eta berak sortu zuen Ajoka antzokian bizi zuten anekdota batekin abiatu du gaurko egunez mundu mailan ospatzen den Antzerkiaren Nazioarteko Egunaren bueltan idatzi ohi den manifestua (Susa argitaletxetik ekarri dute euskarara).

Egileak gogoratu duenez, Bulleh Shah poeta sufiari buruz interpretatzen ari ziren antzezlan baten amaieran, agure bat, iloba alboan zuela, sufi handiaren papera zuen aktorearengana hurbildu zen. «Gure iloba ondoezik dago, bedeinkatuko duzu?», galdegin zion. Aktoreak harriturik zera erantzun zion: «Ni ez naiz Bulleh Shah, haren papera jokatzen duen aktorea baino ez naiz». Agureak orduan, esan zion: «Ez seme, zu ez zara aktorea, zu Bulleh Shahren berraragitzea zara, bere avatarra».

Bizipen hark hausnarketa piztu zion, onartzen du manifestuan. «Bat-batean, antzerkiera erabat berria bururatu zitzaigun, zeinetan aktorea jokatzen duen pertsonaiaren berraragitzea bihurtzen baita». Antzeko istorioak «kultura guztietan» daudela sinetsita, antzezleon eta ikusle ezezagun baina suharren arteko zubi bihur daitezkeela uste du. Horren aldekoa da Nadeem.

«Batzuetan, oholtzan jokatzen ari garenean, antzerkiari buruzko gure ikuspegiak gidaturik, geure burua gizarte aldaketarako aitzindaritzat hartu eta, batzuetan, gure komunitatearen zati handi bat albo batera uzten dugu. Orainaldiko erronkekiko dugun konpromisoan, antzerkiak sorrarazi dezakeen esperientzia espiritual hunkigarri baterako aukerak ukatzen dizkiogu geure buruari. Gaurko mundu honetan, zeinetan intolerantzia, gorrotoa eta indarkeria areagotzen ari diren, gure planeta gero eta gehiago hondoratzen ari da larrialdi klimatikoan», ohartarazi du.

«Bizi gaituen munduarekiko, bizi gaituen planetarekiko gailentzen ari den axolagabekeriaren, lozorroaren, ezkortasunaren, diruzalekeriaren eta mespretxuaren aurka borrokatu behar dugu», eskatu du antzerkigileak.
 Mundua aldatzeko antzerkiak egin ditzakeen ekarpenak ere aipatu ditu, are gehiago, antzerkia bera izan daiteke «gizateria suspertu eta aurrera eginaraztea» ahalbidetuko duen tresna, «amildegi batean erori baino lehen zutitzen» lagunduko duena.
 «Antzerkiak eszenatokia santutegi bihur dezake, joko zelaia sakratu», amaitu du pakistandarrak.

NOTICIAS RELACIONADAS

 

NAIZ KONTZERTUAK
Loading player...


Bederatzi talde, bost Euskal Herriko areto... Denboraldi honetako NAIZ Kontzertuen unerik onenak.