Amalur ARTOLA

Komunitate Garaiezina, impasse egoerari aurre egiteko Xabi Bandiniren proposamen berria

Itxialdian ere sormenak bilatzen ditu izaten jarraitzeko bide berriak. Azkena, Xabi Bandinik ekarri digu: Komunitate Garaiezina ekimena abiatu du, bazkidetza formula baten bidez emanaldien eteteari aurre egin eta sorlanak sarean partekatu ahal izateko. Jarraitzaileek dute orain hitza.

Xabi Bandini.
Xabi Bandini.

«Gauzak azkar doaz aste hauetan. Orain bi aste esan genuen streaming bat egingo genuela, egin genuen, baina beste musikari batzuekin gogoeta eginez, ikusi dugu musikaren egoerari, orain datorrenari, buelta eman behar zaiola». Hitz horiekin azaldu digu Xabi Bandinik Komunitate Garaiezina ekimenaren atzean dagoen hausnarketa.

Proposamena argia da: jarraitzaileei bazkide bilaka daitezela eskatzen zaie eta, hilean bi euro ordainduta, era ezberdinetako edukietarako sarbidea izango dute online plataforma batean. «Etenaldia dugu, badirudi hilabete pare baterako izango dugula, eta honetaz bizi den jendeak irteerak edo bestelako formulak behar dituela uste dugu», horregatik abiatu du Komunitate Garaiezina izena daraman esperimentu hau.

Izan ere, Bandiniren hitzetan, beste ezeren aurretik esperimentu bat da Komunitate Garaiezina.  Gogora ekarri du Kerobiaren garaietan ‘Supernova’ diskoa ateratzeko crowdfundinga erabili zutela eta proiektu hark aurrera egin bazuen «komunitateak ondo erantzun zuelako» izan zela. Baina argi utzi nahi izan du Komunitate Garaiezina ez dela crowdfunding bat, «baizik eta bazkidetza bat, eta argitu nahi nuke baita ere hau ez dela egoerari aurre egiteko forma bakarra: gauza gehiago egin beharko dira, sektoreko langileek laguntza jaso beharko dute Gobernutik etabar. Guk esperimentu bat proposatzen dugu», zehaztu du.

Bazkidetza programara batzen direnek plataforma baten bidez jasoko dituzte edukiak. «Asmoa da gure baliabideekin, etxean dugunarekin, kantuen bideoak egitea, kantu berriak aurkeztea edo kantu batzuen inguruan mintzatzea, horiek azalduz etabar», azaldu du. Komunitateari begira egindako sorlanak izango dira eta momentuz ez dago agenda zehazturik, «honek nola funtzionatzen duen ikusi behar baitugu», zehaztu du abeslari iruindarrak, eta edukiak bazkidetza kopurura egokitu beharko dituztela aurreratu digu: «Jende gehiago bazkidetzen bada edukiko dugu aukera gauza batzuk edo beste batzuk egiteko». Momentuz, albiste honetara ekarri dugun aurrerapen bideoa osatu du Bandinik, eta plataforman ‘BIBA!’ birako zuzeneko kontzertu oso bat jarri du ikusgai.

Saretze berriak

Itxialdiaren esperientziatik irakaspen berriak jasota atera gaitezkeela ere uste du Bandinik. Esaterako, sortzaileei dagokienez, «bakoitza bere aldetik ibiltzetik kolaborazio filosofia batera pasa gara; ea hau mantentzen den, sarean lan egitea oso ona baita musikariontzat, elkar elikatzen gara».

Komunitatearekin ere saretze hori ematea nahi luke abeslari iruindarrak. Azaldu duenez, bazkidetzarako erabiliko duten Patreon plataformak iradokizunak egin edota solasaldiak abiatzeko tresnak ere eskaintzen ditu, eta horiek ere baliatu nahi lituzke. «Ikusi behar dugu noraino iristen den plataforma bera, ez baita batere ohikoa musikan plataforma hau erabiltzea», argitu du.

«Ekimen xume bat da hau, hazten bada ikusiko dugu hobetu ahal dugun eta noraino iristen den. Horregatik, uste dut mezua hau dela: komunitateari esaten diogu ‘aizue, parte har ezazue gurekin batera gure sorkuntzan, dirua jartzen eta baita ere parte hartzen, eta ikusi dezagun bide honek fuuntzionatzen duen. Eta, funtzionatzen badu, beste talde edo sortzaile batzuek ere ea erabili ahal duten», amaitu du.