NAIZ

Zumba saioak NAIZen, astelehenetik aurrera, geure burua eta gorputza zaintzeko

Martxoaren 30etik aurrera, NAIZek zumba saioak eskainiko ditu egunero, astelehenetik ostiralera, Elene Carreto dantzari durangarraren eskutik. NAIZ.EUS-en emitituko dira konfinamenduak irauten duen bitartean, arratsaldeko 19.00etan, eta ordu erdiko iraupena izango dute. Denontzako moduko saioak izango dira, geure buruak eta gorputzak zaindu behar ditugun garai hauetan.

Konfinamenduaren erronketako bat da geure buruak eta gorputzak zaintzea, eta NAIZek ahalegin horretan bere ekarpena egin nahi du. Mikel Troitiñoren yoga saioen ondotik –hemen ikus ditzakezue orain artekoak–, zumbaren txanda izango da heldu den astean.

Martxoaren 30etik aurrera, astelehenetik ostiralera, Elene Carreto dantzari profesional durangarrak zumba saioak eskainiko dizkigu, egunero, konfinamendu egoerak irauten duen bitartean.

Saioak arratsaldeko 19.00etan izango dira, NAIZ.EUSen emitituko dira eta sare sozialetatik ere zabalduko dira. Edonorentzako moduko saioak prestatu ditu durangarrak, familia osoarentzat; hogeita hamar minutu iraungo dute eta hiru zati izango dituzte: beroketa ariketak, koreografia errazak eta luzaketak. Etxean kirola egin eta izerdi pixka bat botatzeko aukera paregabea, beraz.

«Denontzako pentsatuta dagoen saioa izango da, etxean egiteko, eta itxialdi honetan disfrutatzeko», azaldu du Elene Carretok.

Animatu!