naiz

Elhuyarren koronabirusaren inguruko argibideak, egunero NAIZen ikusgai

Elhuyar Zientzia elkarteak bederatzi bideo laburrek osatutako serie bat prestatu du. Bertan, koronabirusaren jatorria, komunitate zientifikoaren ahalegina, adinaren araberako eragina, emakumeak zaurgarriago izatea, edota tratamendua landuko dituzte. Egunero bat ikusi ahal izango dugu NAIZen.

Elhuyar Zientziako lantaldeak koronabirusaren inguruko argibideak emateko bederatzi bideo-pilulako sorta bat prestatu du, gaur hasi eta egunero-egunero NAIZen argitaratuko dena. ‘Covid 19aren izurria argitzen’ izenburupean, gaia hainbat ikuspegi ezberdinetatik jorratuko dute. Herritarrei «informazio irizpidedun eta kalitatezkoa» helaraztea du jomuga ekimen honek.

Ana Galarraga Aiestaran Elhuyarreko kideak minutu bateko bideoetan hainbat gai landu ditu, hala nola, birusaren jatorria, komunitate zientifikoaren ahalegina, adinaren araberako eragina, emakumeak zaurgarriago izatea edo tratamendua.

Elhuyarren sare sozialetan eta zientzia.eus atarian zabalduko da edukia, eta horretaz gain, euskarazko 30 hedabide baino gehiagotan ere hedatuko da informazioa, webgune, telebista eta irrati-emisioen bidez. Horien artean, NAIZen. 

«Koronabirusak sortu duen egoera berezi honetan, herritarrei euskarazko informazio irizpidedun eta kalitatezkoa ematea ezinbestekoa» dela iritzi du Elhuyarrek, eta lan horrek hedadura handiagoa izan dezan, «euskarazko komunikabideekin elkarlana sendotzeko abagunea aprobetxatu nahi izan du», eduki hori guztion eskura jarrita, ohar batean azaldu duenez.