NAIZ

Mutriku eta Deba arteko errepideko lanak guztiz amaitutzat eman ditu Gipuzkoako Aldundiak

Gipuzkoako Foru Aldundiak amaitutzat jo ditu Deba eta Mutriku lotzen dituen GI-638 errepide berriaren eraikuntza eta oinezkoentzako pasealekua kostaldeko ertzetik egiteko lanak. Hamalau hilabetez aritu dira obretan, eta 10 milioi eurotik gorako aurrekontua izan dute.

Alkoleako tunela urtarrilaren 22an zabaldu zuten. (Juanan RUIZ / FOKU)
Alkoleako tunela urtarrilaren 22an zabaldu zuten. (Juanan RUIZ / FOKU)

Mutriku eta Deba lotzen dituen GI-638 errepideko lan handienak otsailare 21erako amaitu zituzten. Ordutik, errepidean ez zegoen oztoporik auto eta garraioen zirkulaziorako. Honez gain, oinezkoentzako pasealekua ere ireki egin zuten.

Xehetasun batzuk falta ziren eta Gipuzkoako Aldundiak astelehen honetan amaitutzat eman ditu lan guztiak. Hamalau hilabetez aritu dira obretan, eta 10 milioi eurotik gorako aurrekontua izan dute.

Proiektuaren helburua errepidearen ibilbidea zabaltzea eta hobetzea izan da. Zazpi metroraino zabaldu dute galtzadaren zabalera, eta bihurguneak eta ibilbidearen puntu arazotsuenak leundu dituzte.

Jarduketarik nabarmenenak  Ipitxarrin eta Alkolean egin dira. Lehenengoan, errepidearen kurbadura murriztu da eta 40 metro baino gehiagoko harri lubeta bat eraiki da; bigarrenean, berriz, tunel bat egin da, puntatik igarotzea erabat saihesteko. Tunela urtarrilaren bukaeran ireki zuten.

Lanak 2019ko maiatzean hasi ziren eta irailaren lehen astera bitartean –hau da, lau hilabetez– GI-3230 errepideak, Kalbarioko errepideak, lotu zituen Mutriku eta Debabarreneko eskualdea. Irailean zabaldu zen kostaldeko errepidea. Semaforoekin zuzendu zuten trafikoa, oraindik ere eremu batzuetan obrak bukatu gabe baitzeuden.

GI-638 errepidea oso ibilia da –eguneko batez besteko intentsitatea 6.000 ibilgailukoa da–, bi udalerriak lotzeko ia aukera bakarra baita. Hobekuntza lan horiei esker, gidarien segurtasuna handitzeaz gain, «herritarren osasuna eta bizi kalitatea hobetuko» direla uste du Aldundiak: «Oinezkoentzako pasealekuari eta bidegorriari esker, herri horietako pasealdiak egiteko eta itsasertzeko paisaiaz gozatzeko aukera izango dute».