naiz

Ehunka garbitzailek itxita dauden zentroetara joaten jarraitzen dutela salatu du LABek

Espainiar Gobernuak onartutako dekretuak garbiketa «funtsezko jarduera» gisa hartzen duela gogorarazi du LABek, baina «osasun zentro baten edo garraio publikoaren garbiketa, eskola, museo edo bulego itxi baten garbiketatik» ez duela bereizten salatu du. Ondorioz, «ehunka» garbitzaile dagoeneko itxirik dauden lantokietara joan beharrean daudela nabarmendu du.

Ehunka garbitzailek itxita dauden zentroetara joaten jarraitzen dute. (NAIZ)
Ehunka garbitzailek itxita dauden zentroetara joaten jarraitzen dute. (NAIZ)

Herritarren erabateko konfinamendua ezartzen duen Dekretua atzo indarrean sartu zen arren, «garbiketa sektoreko ehunka eta ehunka langilek beren lantokietara, dagoeneko garbi dauden, itxita dauden eta, oraintxe bertan, garbiketa funtsezkoa ez den bigarren hezkuntzako ikastetxeetara eta EHUko egoitzetara» joaten jarraitu behar dutela salatu du LAB sindikatuak.

Dekretuak garbiketa «funtsezko jarduera» gisa hartzen du, «baina ez du bereizten osasun zentro baten edo garraio publikoaren garbiketa, eskola, museo edo bulego itxi baten garbiketatik», nabarmendu du sindikatuak. Honen aurrean, enpresen «arduragabekeria» arbuiatu du LABek. «Funtsezko jarduera ez dela jakinda ere, eta erabat kontziente izanik ez dela segurua haientzat, ez dizkiete beharrezko babes neurriak ematen. Eta hori nahikoa ez balitz, berogailu gabe dihardute lanean», nabarmendu dute, egun hauetako tenperatura hotzak gogora ekarriz.

Lakuako Hezkuntza Sailaren jarrera ere gaitzetsi du sindikatuak. «Berariazko agindua eman die enpresei garbiketa zerbitzua ematen jarraitzeko, nahiz eta beren zentroak martxoaren 13tik itxita egon. Deigarria da erabaki hori langileek beren lan baldintzak duintzea aldarrikatzen zuen greba deialdi baten ondoren etortzea».

Lan Ikuskaritzaren aurrean hainbat salaketa egin dituzten arren, honek «erabateko immobilismo eta arduragabekeriaz, ez duela erantzunik ematen», gaineratu du LABek. «Oso larria da langileak itxiak dauden zentroak garbitzera behartzea, euren osasuna arriskuan jarriz».

Adierazi dutenez, Bizkaiako 40 lan-zentro baino gehiagotan ari da egoera hau errepikatzen: Gurutzeta BHI (ISS enpresa), Uribe Kosta BHI (ISS), Balmaseda BHI (ISS), Erandio LH (ISS), Gernika BHI (Zaintzen), Bermeo HEO (Zaintzen), San Mameseko fakultatea (Garbialdi) edo Leioako kanpusa (OHL), besteak beste. Gipuzkoan, BHI Azkoitia (ISS), Batxiler Azkoitia (ISS), Altza (Garbialdi) eta Iparragirre Zumarraga-Urretxu (ISS) eta Araban, Aniturri BHI, Murgia BHI, Ekialde DBH, Mendebaldea BHI eta Jesus Guridi musika kontserbatorioan. Arabako guztietan ISS enpresa ari dela jakinarazi du sindikatuak.